Imanol Elias, inurri lana egindako gizona

Urola Kostako Hitza 2013ko urtarrilaren 29a

77 urterekin hil da Elias (Nerea Uranga/Hitza) Imanol Elias Odriozola, antzerkigilea, antzerki zuzendaria, historiagilea, idazlea, sokamuturraren inguruko argazki lehiaketaren sortzailea, Azpeitiko alkate izandakoa, berriemailea, irakaslea... Denbora askoan minbiziaren kontra borroka egin ondoren, larunbatean zendu zen, Donostian, ospitalean. 77 urte zituen. 1936an jaioa, Urte Berri egunean. Azkenera arte egin eta egin, lanean jardun duen gizona izan da  Elias, nahiz eta azkenaldian gaixotasunaren ondorioz pattal ibili. Arlo edo eremu askotan nabarmendu zen, baina gehienetan bere herriari, Azpeitiari, lotutako langintzan jardun zuen. Hala,  2010ean udalak Azpeitiko ohorezko kronista izendatu zuen. Herriaren historiari buruzko hainbat liburu ere idatzita utzi ditu; besteak beste, Azpeitia historian zehar; Azpeitia. Gaztaroko kronikak; Azpeitiko efemerideak. Herria historian zehar, beste lagun batzuekin batera Azpeitiko zezen-plaza 1903-2003 eta Azpeitia, 500... azpeitiarrak eta herriarekin bat eginak. Herriko kronista izendatu zutenean hala esan zuen: «Zerbait maitatzeko ezagutu egin behar da. Nik egin dudana, herriaren eta herritarren historia aztertu, ikertu eta ezagutzera ematea izan da, ez besterik». Azpeitiko kulturgintzan ere erreferentea izan zen Elias eta berak egindako lana. 1950eko hamarkadaren bukaeratik XXI. mendearen hasieraraino herriko kulturako hainbat kultur mugimendutako kidea eta eragilea izan zen: Oargin eta Antxieta Antzerki Taldean ibili zen, baita Antxietako erakus aretoan ere. Antzerki amateurra sustatzeko asmoz, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen sorreran eta ondoren ere lanean jardun zuen. Hamaika antzezlan idatzita ere utzi du. 2009an Topaketetako Txalo Saria jaso zuen, eta 2011n, herriko kulturgintzan egindako lana eskertuz, Azpeitiko Kultur Mahaiak ohorezko bazkide izendatu zuen. Hainbat komunikabidetan ere kolaborazio andana egindakoa zen; horien artean, Uztarria herri aldizkarian, 2000. urtetik 2009ra. Uztarria Kultur Koordinakundeak Imanol Elias liburu biografikoa ere argitaratu zuen, Mailo Oiarzabalek idatzita. Alkate izandakoa Herriko politikan ere parte hartu zuen. Udalean, frankismoaren azken urteetan zinegotzi izan zen, 1974tik, baina 1978an dimisioa eman zuen. 1977an, trantsizio garaian, hark altxatu zuen lehen aldiz ikurrina udaletxeko balkoian, San Sebastian bezperan. Iazko San Sebastian bezperan danborradaren garaian omenaldia eskaini zion udalak. 1983an, berriz, alkate hautatu zuten, EAJtik. Baina denbora gutxira, 1984an, dimisioa eman zuen, alderdiaren barne krisiaren ondorioz. Azken agurra Eliasek hainbeste maite zuen herriak eta herritarrek azken agurra eman zioten atzo. Udaletxeko balkoian ikurrina haga erdira jarrita eta xingola beltzarekin egon zen atzo. Hilbeila udaletxeko pleno aretoan jarri zuten. Herritar ugari joan zen bertara azken agurra ematera. Sanagustin kulturgunean ere Eliasen argazkia jarrita egon zen. 18:30ean, Azpeitiko Udal Musika Bandak Kontrapas pieza joz, gorpua udaletxetik Soreasuko Sebastian Donearen Parrokiara eraman zuten. Bertan, egungo alkate Eneko Etxeberriarekin batera, Azpeitiko alkate izandako Luciano Lazkano, Jose Mari Bastida, Julian Eizmendi eta Iñaki Errazkinek hartu zuten parte. Hileta elizkizunean, Gorrotxategik bertso bat eskaini zion Eliasi, eta bukatutakoan, Itsasi dantza taldekoek aurreskua dantzatu zioten, eta Musika Bandak Agur jaunak jo zuen. Urte hauetan guztietan Eliasek egindako inurri lanak ondare bikaina utzi du. Elias gogoan «Imanol Eliasen heriotzaren berri izan bezain pronto...» Alaitz Olaizola Antzergilea "Imanol Eliasen heriotzaren berri izan bezain pronto, ANTZERKIA hizki handiz etorri zait burura. Azpeitia herri antzerkizalea eta antzerkigilea dela behin eta berriz esan dute, eta dugu. Alkate zela sortu zituen Euskal Antzerki Antzerki Topaketak… Beste zerbait izango litzateke gure herria garai hartan halakorik egin izan balute. Zaletasuna pizteko metxa orduan jarri zelakoan nago, zaleetatik baitatoz etorkizuneko antzerkiaren maitaleak. Umezurtz geratzen da ANTZERKIA bera gabe, baina egindako lana hor geratzen da. Txalo Saria eman zioten urte hartan, lan berria estreinatzen genuen Lakrikun antzerki taldekoak, eta Euskadi Irratian elkarrizketatu gintuzten batera. Esatariarekin batera aritu ginen berriketan, honetaz eta hartaz, ANTZERKIAz. Ez naiz oso ondo akordatzen zehatz-mehatz zer aipatu zidan, hitzez hitz esan nahi dut, baina halako zerbait zioen: ari ginela, eta jarraitzeko horrelaxe. Bere erdia edo laurdena eginda pozik izango ginela aitortu genion guk. Esatea baita errazena, egitea zailena, eta Imanolek, etengabe egin zuen. Eskerrik asko, Imanol!». «Imanol Elias abal bat izan da Azpeitiko kulturgintzarentzat» Enekoitz Esnaola Kazetaria eta Kultur Mahaiko kidea «Imanol Eliasek egindakoaz ez naiz ariko, web honetan (uztarria.com) badelako horri buruzko albiste eta bideorik, eta, beraz, bi hitzetan haren ibilbidea laudatu besterik ez dut. Harekin izandako harremanaz idatziko dut, labur. Imanol, herri artxiboa ez ezik, abal bat izan da Azpeitiko kulturgintzarentzat. Imanol Eliasen berri lehenagotik izan arren, 1999ko udazkenean izan nuen harekin aurreneko hartu-emana. Urte hartako azaroan Uztarria herri aldizkaria sortzera gindoazen, eta Azpeitiko historiaz idazteko zutabegile nahi genuen Imanol. Proiektuari horrela babesa emateko ere bai, hori ere esan behar da. Zuhatzeneko tabernan bildu ginen, goiz batez, kafe baten bueltan. Azaldu nizkion Uztarria Kultur Koordinakundearen izaera eta helburuak, bota nion proposamena, eta erantzun zidan uzteko aldizkariaren aurreneko pare bat zenbakiak ikusten. Tankera hartu nahi zion. Atera zen 1. zenbakia 1999ko azaroan, 2.a abenduan, eta 1999 urte bukaeran baiezkoa eman zidan, hasiko zela hilero idazten. 2009ra arte jardun zuen. Proiektu berria zen Uztarria aldizkaria, berritzailea gure herrian, eta Imanolen baiezkoa eta parte hartzea abal bat, berme bat izan zen. Geroztik etorri ziren lankidetzan pausoak: Imanol Elias biografia liburua, hark idatzitako Azpeitiko efemerideak liburua… Urola Kostako Hitza egunkariaren hasieran ere babesa agertu zuen. — «Kultur Mahaiaren lana badoa aurrera eta hasi da fruituak ematen. Nola ikusten duzu Azpeitiko taldeen arteko elkarlana?», galdetu genion 2011ko abenduan, Kultur Mahaiak ohorezko bazkide izendatu behar zuela-eta egindako elkarrizketan. — «Uste dut, gauza guztietan bezala, elkar hartzeak indarra ematen duela. Azpeitian horixe gertatu da, talde guztiek elkar hartzea denon mesederako da. Fruitua emango du luzaroan eta ona gainera, dudarik gabe. Oso hasiera ona eduki du Kultur Mahaiak. Sanagustin kulturgunea ere oso toki ona da; plaza erdian dago, eta horrek asko laguntzen du. Gainera, iritzi ezberdineko jendea bilgune berean elkartzea izugarria da, hori ez da inoiz gertatu Azpeitian; izan ere, azpeitiarrok badugu halako inbidia puntu bat, albokoak zer egiten duen begiratzeko joera. Kultur Mahaian orain arte egin den lana oso ona da», erantzun zuen. Hor berriro Imanolen babesa, abala, bermea. Segurantzia kulturgintzako kideontzat. 2012an ez nuen askotan ikusi, haren gaixotasuna zela kari. Batik bat, e-postaz jardun genuen. Minbizia izan arren, umore punttu batez idazten zidan. «Txuteak» ziren problema berak gauza handirik ez aportatzeko, kontatzen zuenez. — «Azpeitian zer egiten jarrai daiteke kultura arloan?», galdetu genion 2011ko hartan. — «Kulturan egin daitekeen lanak ez du bukaerarik, kulturak berak ez baitu mugarik, dena da kultura». Eskerrik asko, Imanol, egindako denagatik!».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide