Corrugados martxan jarri dute, baina langileekin akordiorik itxi gabe

Nerea Uranga 2013ko urtarrilaren 29a

Corrugados Azpeitiako altzairutegia atzo eguerdian (Nerea Uranga/Hitza) Atzo Corrugados Azpeitiako langile gutxi batzuk lanera joan ziren. Izan ere, joan den ostiralean Alfonso Gallardo Taldeko zuzendaritzak Azpeitiko planta atzo martxan jarriko zuela azaldu baitzien langileei. Baina Enpresa Batzordearekin oraindik ez du akordiorik itxi. Atzo arratsaldean bertan langileen ordezkari sindikalak eta Azpeitiko zuzendaritzak biltzekoak ziren, negoziazio bidean. Joan den urtarrilaren 4an greba mugagabea bertan behera utzi eta lanera itzuli ziren langileak, baina zuzendaritzak oporraldiak hartzera behartu zituen. Joan den ostiralean bukatu zitzaien «inposatutako» oporraldia. Ostiralean, goizeko zortzietarako Corrugados Azpeitiako langileak lantegira joan ziren. Baina  lanean hasi ordez, barruan bilduta egon ziren. Enpresaburuen azken proposamenaren berri jakin zuten langileek orduan, zuzenean. Enpresa Batzordeko LABeko eta ELAko ordezkariek bilera ondoren hala azaldu zuten: «Enpresak tailerra martxan jarriko duela azaldu digu. Hori da guk, greba utzi genuenetik, eskatu duguna». Enpresak planta martxan jartzeko asmo hori «urrats garrantzitsutzat» jo zuten langileen ordezkariek orduan, «negoziaziorako lagungarria» izan daitekeela uste dutelako. Baina LABeko eta ELAko ordezkariak egun hauetan adi egongo direla nabarmendu zuten, enpresaburuek esandakoa betetzen eta gauzatzen duten egiaztatzeko. Langileen ELAko eta LABeko ordezkarien arabera, enpresak hitza beteko duenaren bermerik onena Azpeitiko lantegira «lan karga ekartzea» izango litzateke. «Horren zain gaude»,gaineratu zuten. Enpresak egindako azken proposamena aztertzen ari direla esan dute Enpresa Batzordeko ordezkariek. Haien ustez, nagusien proposamenak «berriro enpresaren bideragarritasuna langileen soldaten gain ipintzen du». Eta hori arazoari irtenbidea emateko «debate faltsua sortzea» dela uste dute. Borondatearen baitan Azpeitiko enpresaren etorkizuna Gallardo Taldearen jarraitzeko borondatetik etorriko dela ere esan dute, «eta ez soldatarekin gora eta behera ibiltzetik. Borondaterik egon ezean, dohainik lanean jardunda ere ez legokeelako etorkizunik». Datozen egunetan, negoziazioaren baitan, Enpresaren Batzordeak beste proposamen bat helaraziko dio enpresari. Baina ez dute aurreratu nahi izan zein izango den proposamena. Hala ere, Enpresa Batzordeko ELA eta LABekoek azaldu dutenez, eurak beti egongo dira prest negoziatzeko eta lan gatazka honi adostutako irtenbidea emateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide