Hitzen balioaz hausnartarazteko helburuarekin, lau bertsolariri gaiaren inguruko testuak idazteko eskatu, eta horietatik abiatuta,
Balitzen hioa antzezlana osatu dute Hodei Unzueta zarauztarrak, Leire Ugarte oriotarrak eta Esti Curiel zumaiarrak. Hasieratik bukaerara esperimentua izan da: «Etorritakoaren arabera joan gara gidoia eraikitzen». Urtebetez «esperimentatzen» jardun ostean, iritsi da lana jendaurrean aurkezteko eguna. Igandean izango da estreinaldia, Iruritako (Nafarroa) Gizarte bilgunean 19:00etan, hain zuzen. Korrika Kulturalaren baitako jardunaldia izango da.
Unzuetak eskarmentua badu antzerki munduan. «Antzerki munduan ibilia naiz ni, baina gaztetxoei lotutako lanak egin izan ditut gehienbat, Irrien Lagunak taldearekin, esaterako». Hori dela eta, «zerbait berria» egiteko gogotsu zegoen. Hala, Nafarroako Antzerki Eskolako ikaskide Leire Ugarterekin eta Esti Curielekin elkartu, eta proiektu berria abiatzea adostu zuten duela urtebete. «Ez genuen antzerki obra bat hartu eta antzeztu nahi, ezta hutsetik hasi ere. Esperimentatu egin nahi genuen».
Hala, lau bertsolariri gai jakin bat proposatu, eta nahieran, «nahi zuten moduan eta nahi bezain beste» idazteko eskatu zieten. Hitzen balioaz askotariko testuak idatzi dituzt, hala, Ainhoa Agirreazaldegi, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi bertsolariek. Lau testuak jaso, eta gerora horiekin antzezlan bat osatzea izan da aktoreen lana.
Testuokin jolastuz egin dute, «hizkiak lekuz aldatuz eta forma emanez». Testu bakoitzaren proposamen eskenikoak egin zituzten aurrez, eta baita gidoi proposamenak ere. «Haietako batek nahiko oinarri eta
hari zuela eta, hortik abiatuta hasi ginen antzezlana eraikitzen».
Hausnarketa eta zabalkuntza
Hitzaren balioaren inguruko askotariko ikuspuntuak mahai gainean jarri, eta ikusleei horien inguruan hausnartuaraztea da
Balitzen hioa-ren helburua. «Azken finean testuak berak hausnarketak dira, bertsolari bakoitzaren burutazioekin eraikita. Eta horiekin hitzen balioaren inguruko hausnarketa propioak bultzatzea da gure asmoa. Ikuslea esaldi batekin ala bestearekin identifikatuta senti daiteke; hitz horiek bakoitzarengan duen balioagatik modu askotara interpreta ditzake kusleak, eta horrekin hausnartu».
Ainhoa Alberdi aktorearen gidaritzapean jardun dute lanean hirurek. Eszenaratzea sinplea dela dio Unzuetak: hiru antzezleak agertuko dira eszenan, eta hirurek istorioak kontatuko dituzte. «Hirurok zerbitzari modukoak izango gara, eta bakoitzak pasarte jakin batzuk kontatuko ditugu bertsolarien testuetatik abiatuta. Era berean, istorio bakoitzeko pertsonaiak ere interpretatuko ditugu».
Eszenaratzea ere jolasa izango da, beraz. «Antzezlan honek pertsonaia batetik atera eta beste baten azalean sartzeko aukera ematen digu», dio zarauztarrak.
Abenduan egin zuten aurre estreinaldia, «ikusle aurreko entsegu modukoa». «Urtebete egin dugu antzezlana prestatzen. Asko landu dugu, baina kanpotik zer-nolako itxura izango zuen ideia zipitzik ez genuenez, jendaurrean entsegu modukoa egitea erabaki genuen», azaldu du Unzuetak.
Igandean estreinatuko dute ofizialki, Iruritako Gizarte bilgunean. «Euskara eta horren inguruko hausnarketa» leku askotara zabaltzeko asmoa dute. «Azkenaldia ikusi dugu obra batzuk areto jakin batzuetan soilik ikusi ahal direla. Areto horietara jende jakin bat joaten da. Guk zabaldu egin nahi dugu askotariko ikusleengana, eta horregatik ohiko aretoez gain, bestelako gunetan ere antzeztu nahi dugu, gaztetxetan, kasu», dio zarauztarrak.
Oraingoz Nafarroan zein Bizkaian—martxoaren 1ean Villabonan izango dira— dituzte lotuta hitzorduak baina aurrera begira eskualdera, «etxera» etortzeko asmoa dute.