Aitor Gorrotxategi, Joxetxo Aizpuru, Pello Elorza eta Jesus Larrañaga
(Ane Olaizola)
Azpeitiko EAJk Jesus Mari Larrañagaren dimisioa onartu du, eta haren ordezkoa izango da aurrerantzean Aitor Gorrotxategi. Bera izango da taldeburua eta bozeramailea, eta Joxetxo Aizpuru Kerejetak zinegotzi postua hartuko du.
Pello Elorza Azpeitiko Uri Buru Batzarreko lehendakariak jakinarazi du Larrañagak "arrazoi pertsonal" eta "batez ere profesionalengatik" utzi duela zinegotzi kargua; "bere lan eta proiektuek ordu asko kentzen dizkiote, eta bateraezintasunaren ondorioz kargua uztea nahi izan du", azaldu du. Taldeak eskerrak eman dizkio azken bi urteetan "Azpeitiaren alde" egin duen lanarengatik.
EAJko zinegotzi postua hartuko duen Aizpurua urrestildarra da, eta auzoaren eta, oro har, Azpeitiaren alde "buru-belarri" arituko dela uste du Elorzak; "badakigu bere lana ondo egingo duela", berretsi du. Honen arabera, "zinegotzi taldeak, aldaketa hauekin, talde sendo, serio eta langilea izaten jarraituko du". Halaber, taldeak orain arteko "kemen berarekin" segituko duela aurreratu du lehendakariak; "ilusio osoarekin egingo dugu lana, gure herriaren egoera politikoa aldatu daitekeenaren ziurtasun osoarekin".
Azpeitiko UBBko lehendakariak azpimarratu du "berritze prozesuan" dagoela alderdia; "EAJk beti berea izan duen eredu sozialaren aldeko apostua egiten du orain ere". Honen arabera, "askatasunean eta errespetuan", "ekintzailetasunean eta lanean", "pluraltasunean eta elkartasunean" oinarritzen da taldea.
Hori hala, "azpeitiarren alde lanean" jarraituz gero, herrian "aldaketa" gerta daitekeela urte du taldeak; izan ere, Elorzak adierazi du 2012ko urriko hauteskundeetan 2011ko udal hauteskundeetan baino 150 boto gehiago lortu zituztela; honen arabera, "aldaketa bikaina" da hori; "herriak gure alde egin duenaren seinale garbia da". Aldaketa horren "osagarri" izan nahi du EAJk, "hogeita hamabi urtez jarraian egin dugun bezala". "Herritarren gehiengoaren konfidantza" lortzeko "gai" badira, helburuak betetzeko itxaropena du alderdiak; hori hala, Azpeitia "herri gizatiarragoa" eta "bizitzeko egokiagoa" izan dadin, "tinko" lan egingo dutela hitza eman dute.
Hileko batzarra
Azpeitiko EAJk hileko batzarra egingo du hurrengo asteartean, hilaren 29an; Batzokian elkartuko dira, 20:30ean, eta alderdiak dei egin die alderdikideei bertaratu daitezen.