Urtarrilaren 17an izaten da animalien zaindari San Antonen eguna. Egun hori goratzeko festa antolatzen dute gurean azken urteetan, eta aurten, urtarrilaren 19an eta 20an egin diren kirol probekin ospatu dituzte sanantonak.
160 inguru lagun elkartu ziren Aiako probalekuan San Sebastian bezperan Euskal Herriko idi-proba txapelketa ikustera. Hiru idi pare izan ziren lehian, 2012ko proba puntuagarrietan finen aritutako hiru pareak. Iñaki Oliden itzainaren arabera, lehen Superprestigio izena zuen proba da orain Euskal Herriko txapelketa dena.
Deban egiten diren Urteberriko probetan irabazle izatetik zetorren Iñaki Lopategi. Birleko –Mungiako– itzainak bi idi parerekin hartu zuen parte Aiako proban; izan ere Luberriren izenean eramandako parea ere Lopategirena zen. Hirugarren parea ere mungiarra zen, Ekometena.
Tiraldi ederrak ikusi ziren Aiako probalekuan eta 52 plaza beteta, Iñaki Lopategiren pareak irabazi zuen Euskal Herriko txapelketa. Bigarren Ekometen parea izan zen 50 plaza, zinta bat eta 2,06 metroko distantzia eginda. Hirugarren izan zen Luberriren pareak 43 plaza, bi zinta eta 72 zentimetro egin zituen.
Mantak, txapela, garaikurra eta Aiako gutiziak, beraz, Mungia aldera eraman zituen Lopategik.