Gaur egingo dute kirolaren gala

Urola Kostako Hitza 2013ko urtarrilaren 25a

Urtero legez, kirol arloko elkarte eta norbanakoen lana eskertu eta aitortzeko kirol gala antolatu du Zarauzko Kirol Patronatuak. Gaur bertan izango da, eta 2012an hainbat arlotan herritarrek kirolari egindako ekarpena balioan jarriko dute. Antoniano aretoan izango da ekitaldia, 19:00­etatik aurrera. Ohi bezala, Kirol Patronatuak urteko kirolari onenak aukeratzeko prozesua abiatzen du. Kirol-taldeek egindako proposamenez gain, herritarrek egindakoak ere jasotzen dituzte. Ildo horretatik, Ane Lezea aukeratu dute emakumezko kirolari onena. Gimnasta erritmikoa da, eta Espainiako eta Euskadiko txapeldunordea alebin mailan. Gizonezkoen kasuan, Xabier Gorrotxategik jaso du boto gehien. Txirrindulari gaztea puntuazioan Espainiako pistako txapelduna izateaz gain,  Gipuzkoako txapelduna da pistan. Errepidetako lau froga ere irabazi ditu. Iaz ohorezko zilar mailara igo  eta lehen mailako txapelduna izateagatik aukeratu dute Amenabar eskubaloi taldea gizonezkoen talderik onena. Urte berean, futbol taldea bigarren mailara igo delako aukeratu dute, berriz, emakumezko talde onena kirol taldeek zein herritarrek. Era berean, Jose Ramon Iruretagoienaren kirol jarduera aitortuko dute. Izeta II.-a 15 urtez Gipuzkoako txapelduna izan da, eta lau urtez Euskal Herrikoa. Horrez gain, Igeldoko Harria (139 kilo) errezkan altzatzen bederatzi urtez txapelduna ere bada. Juan Mari Arrizabalaga Belarrio  ZKEko presidente ohia, 12 urtez boluntariotzan jardun izanagatik sarituko dute eta Giroa enpresa, aldiz, kirolari eskainitako babesagatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide