Anestesia, 25 urte amorrutik abestuz

Onintza Lete Arrieta 2013ko urtarrilaren 24a

1985. urtea zen. Euskal Herrian eta Espainia mailan ere berria zen musika estilo bat jorratzen zuten gazte batzuek Zarautzen: trash-metala. Estigia zuen izena taldeak, eta Mikel Kazalis abeslariak (Zarautz, 1968). «Barruko amorrua kanporatzeko bidea» zen musika bizia, indartsua, bortitza sortu eta jotzea, Kazalisen arabera. Eta ideia hori muturrera eramateko sortu zuen Anestesia Kazalisek, ondoan beste bi zarauztar zituela: Imanol Beloki (bateria) eta Dani Aizpurua (baxua). «Gero Dani 10 urte egon da taldetik kanpo, azken diskoan itzuli da. Bitartean Ibon Esteibar zumaiarra ere sartu zen, baxua jotzera, 2.000 urte inguruan. Eta pasatu dira beste batzuk, Nil (Alberto Suris) esaterako, abesten eta baxua jotzen egon zen eta Txarly Diaz ere bai, baxulari gisara». Anestesiaren sorrera horretan, elementu batek garrantzia berezia izan zuela gogoan du zarauztarrak: «Estigian baxua jotzen nuen, eta harentzat anplifikatzaile bat eskuratua nuen, Marshall bat, indarra gehitu nahi niolako baxuari. Egun batean, gitarrari jarri nion anplifikatzailea, eta handik atera zen soinuarekin harrituta gelditu nintzen. Eta horrexegatik, hain zuzen, erabaki nuen talde bat sortzea eta nik gitarra jotzea. Anplifikatzailearen errua izan zen Anestesia sortzea». Ordutik anplifikatzaile berarekin dabil Kazalis. «Beste asko probatu izan ditut, estudioan grabatzeko utzi dizkidate mila anplifikatzaile, baina inoiz ez dut soinu bera lortu, eta gainera, uste dut nire jotzeko modua soinu horren gainean eraiki dela, nolabait esateko; soinu horregatik jotzen dut horrela. Anestesiaren soinuaren funtsa anpli horren errua da, eta askotan pentsatu izan dut puskatzen bada zer egingo nukeen». 25 urtetan bost disko kaleratu dituzte, ehunka kontzertu eman, eta hainbat taldekideren joan-etorria bizi izan dute. Hasieran, esaterako, Kazalis bera zen abeslaria. Nahikoa hasieran utzi beharra izan zuen, ordea, noduluetako arazoengatik. «Gustuko nuen abestea, baina utzi beharra ez zen traumatikoa izan; doinuak sortzen eta gitarra jotzen jarri nituen indar guztiak handik aurrera». Erritmo biziak, azkarrak, indartsuak eskaini dituzte, beti garrasika abestuz. «Hori guztia amorrua kaleratzeko modu bat da. Aitak ere beti esaten zidan; zergatik beti amorrua, zergatik ez diozue maitasunari ere abesten? Eta, noski, ez ginen pertsona garraztuak, maitasuna ere sentituko genuen gure bizitzan, baina nik barruan min egiten dizun hori kanporatzeko, kaleratzeko terapia moduko bat izan dela sentitu dut beti. Nire amorru guztia bideratzeko bide bat izan da». %100 fisikoa Musika estilo hori den bezalakoa izanda, oholtza gainean eskatzen duen erritmoa eskatuta, noiz arte jarrai dezake pertsona batek zuzenekoak eskaintzen? Galdera hori bere buruari ere egin izan diola aitortu du Kazalisek. 20 urte baitzituen Anestesia sortu zuenean; 25 gehiago ditu orain. «Oso fisikoak dira gure kontzertuak. Leherketa izaten da; fisikoki, emozionalki, oso bortitza, oso indartsua izaten da. Nik askotan pentsatu dut gure formula honekin ez dakidala noraino iritsi gaitezkeen. Bakarlariek, esaterako, errazago dute hil arte musikan jarraitzea, aulki batean eserita, batere izerdirik bota gabe kontzertua eskaintzea», dio Kazalisek. «Zentzu horretan, daukadan adinagatik, oraindik ahal dut», gehitu du, azkar.
Anestesiaren estiloa nire amorru guztia bideratzeko modua izan da, terapia moduko bat" (O.L.A./Hitza) Jendeak errespetua hartzen dizu denboran irauteagatik eta zure horretan jarraitzeagatik" Mikel Kazalis Anestesia taldeko liderra
Jarraitzeko gogoa eta beharra sentitzen ditu, gainera. «Hasi ginenean, 16 urterekin, bolbora hutsa ginen. Jende asko urteekin baretzen joaten da, denok joaten gara baretzen, baina niri oraindik ez zait pasatu horrelako musika indartsua egiteko bolada edo gogoa. Neurri batean, azkarrago ibiltzen ginen garai hartan, abestiak are azkarragoak ziren. Eta orain ñabardura gehiago bilatzen ditugu musikan, baina funtsean oso bortitza, azkarra eta indartsua jarraitzen du izaten». «Zentsura» eta errespetua Anestesiaren musika inoiz ez da izan komertziala. Eta, hala ere, bere bidean estilo horretako beste edozein taldek baino gorago iristea lortu du Euskal Herrian. Diskoak kaleratzeko aukera izan du, esaterako, Esan Ozenkiren neurriko diskoetxe batekin. Bere publikoa ere lortu du Anestesiak, «oso fidela, gainera». Eta errespetua. Hori nabarmentzen du Mikel Kazalisek. Denbora kontua izan dela uste du musikariak, hein handi batean: «Nik uste dut egiten dugun horretan sinistea eta jarraitzea izan dela gakoa. Azkenean, 25 urte bada zerbait. Egia da, jotzen hasi nintzenean, lagunek barre egiten zidaten. Baina gero, denborarekin, sumatu dut jendeak errespetua hartzen dizula, denboran irauteagatik bakarrik, eta zure horretan jarraitzeagatik. Nik orain 25 urte egiten nuena egiten jarraitzen dut funtsean, eta orain jendeak beste errespetu batekin tratatzen nau, eta orduan barre egiten zidaten», aitortu du Kazalisek. Bide horretan, diskoetxe bat ondoan izateak asko lagundu diela aitortu du. «Pauso garrantzitsua izan izan zen. Ferminek [Muguruza] eta besteek sinistu zuten gure proposamenean, edo ikusi zuten zerbait interesgarria zela, eta apustu moduko bat egin zuten, bultzada eman zioten taldeari. Kaki Arkarazok ere asko lagundu zigun». Hortik aurrera, ordea, bidea ez dute erraza izan Anestesiako kideek. «Euskadi Gaztea irrati kateak, esaterako, Esan Ozenkiren disko guztiak jartzen zituen, Anestesiarenak izan ezik», dio. Hasieran amorrua eman zien, gero ez. «Kontuan izanda zer nolako musika jartzen zuten, pentsatu genuen ona ere izan zitekeela gure abestiak tartean ez jartzea. Gu beti izan gara oso independenteak zentzu horretan, ez dugu begiratu inguruan zer egiten ari ziren beste taldeak, eta zer modatan sartu behar genuen gure musika irratietan sartzeko. Hori adibide bat izan zen». Eztabaidarik ere sortu da horren inguruan. «Joseina [Etxeberria] haserretu izan zaigu, zentsuratu hitza erabiltzea potoloa iruditzen zitzaiolako. Baina egia hori da. Betatu, zentsuratu edo egokitzat ez jo, berdin zait zer hitz erabili, gure musika ez jartzea haiek erabaki zuten Euskadi Gaztean. Baina hori gabe ere gure bidea egin dugu; managerrik gabe, promozio kanpainarik eta irratirik gabe.... Baina orain urte ez asko, gure azken diskoarekin Durangoko Plateruenan 1.000 lagun sartu genituen, eta niretzat hori harrigarria da, pozgarria eta harro egoteko modukoa. Guk gure bidea egin dugu, eta jendearen errespetua ere irabazi dugu». Abestiak sortzen 2006an kaleratu zuen azken diskoa Anestesiak. Bi urtez kontzertuak ematen aritu ondoren, «atsedenaldian» sartuta dago taldea gaur egun. Hala ere, Kazalis hasia da abesti berriak sortzen. Musikariaren ustez, garrantzitsua da gauzak ez behartzea. «Anestesiari dagokionez, sormena nahikoa lehor egon da urte dezentetan, lan asko egin delako urte askoan eta gero eta zailagoa delako zerbait berria egitea. Eskaintzeko ezer berririk ez dagoen bitartean, hobe da gauzak bere horretan uztea. Ez zait errepikatzea gustatzen. Hala ere, azken asteetan nahikoa bero nabil, berriz ere musak etorri zaizkit eta hor nabil, ideiak-eta grabatzen. Animatuta nago horren inguruan lan pixka bat egiteko», aurreratu du. Horretaz gain, baliteke DVD batek ere argia ikustea datozen hilabeteetan. «Aspaldi hasiak ginen gure kontzertuetako grabazioak hartuta ikus-entzunezko bat prestatzen, eta agian serio helduko diogu horri, taldearen urteurrenaren aitzakian».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide