60 langile kaleratzeko asmoa berretsi du Gallardok azken proposamenean

Nerea Uranga 2013ko urtarrilaren 24a

Azpeitiko planta langileei alokairuan emateko aukera ere aipatu du Gallardo Taldeko zuzendaritzak. (Nerea Uranga/Hitza) Langileak ez baleude neurriak onartzeko prest, lantegia haiei doan alokatzeko prest legokeela dio. Corrugados Taldeko zuzendaritzak prentsa ohar bidez adierazi duenez, Corrugados Azpeitiako langileekin ados jartzeko asmoz, proposamen bat helarazi die haiei. «Enpresaren ekonomia eta finantza egoera txarretik ateratzeko langileekin akordiora iristeko» prest daude. Baina azken hitzarmen proposamenean 60 langile kaleratzeko, soldata murrizteko eta Lana Erregulatzeko Txostena ezartzeko asmoa berretsi du. Langileak neurriak onartzeko prest ez baleude, ordea, Azpeitiko planta haiei alokairuan emateko prest leudekeela ere azaldu dute nagusiek. «Corrugados Azpeitia enpresa bideragarri egin dezakeen proposamena» da zuzendaritzak Enpresa Batzordeari helarazi diona. Proposamenaren arabera, Azpeitiko enpresatik 60 langile kaleratu beharra dago, «enpresako langile kopurua gaur egungo ekoizpenera egokitzeko eta kostuak murrizteko». Zuzendaritzak baja boluntarioak ahalbidetuko dituela dio; lan egindako urte bakoitzeko 30 egun ordainduz, hamasei hilabetetan banatuta. Txostena, mailakatuta Kaleratzeez gainera, enpresan geldituko liratekeen gainontzeko langileei lana erregulatzeko suspentsio txostena ezarriko liekete. Baina txostena langileek orain arte langabezia zenbat xahututa duten kontuan hartuta ezarriko dutela dio zuzendaritzak oharrean. «Mailakatuta ezarriko da Lana Erregulatzeko Txostena, langabeziako prestazioa gehien eta gutxien xahututa dutenak parekatzera joz». Corrugados Taldeko zuzendaritza kontseiluko kide Manuel Romeroren arabera, «gaur egungo baldintzetan ezin da Azpeitiko enpresa lehiakorra izan, langile bakoitzeko kostua bataz beste 63.000 eurokoa baita». Horregatik, soldata batez beste %35 jaistea proposatu du zuzendaritzak. «Gehien kobratzen dutenei jaitsiera batez bestekoa baino handiagoa ezarriko zaie, eta soldata txikiagoa dutenei bataz bestekoa baino gutxiago». Enpresaren zuzendaritzak plazaratutako azken proposamenean atzera bota du urteko lanaldia handitzeko asmoa. Langileei helarazitako proposamenaren inguruan kaleratutako oharraren arabera, Corrugados Azpeitia enpresa martxan jartzeko konpromisoa du zuzendaritzak. «Urteko 300.000 tona ekoizteko asmoarekin Corrugados enpresa martxan jartzen ahaleginduko gara», azaldu dute kaleratutako idatzian. Eta egoera ekonomikoa txarra den bitartean, hiru hiletik behin Enpresa Batzordeari enpresak dituen eskarien eta emaitzen berri emango diote nagusiek. Corrugadoseko langileek zuzendaritzak proposatutako neurriak onartzen ez badituzte, enpresa prest egongo da Azpeitiko plantaren jarduna langileekin negoziatu, eta «langileei industria doan alokairuan emateko». Proposamena aztertzekotan Corrugados Azpeitiako langile gehienak «inposatutako» oporraldian daude urtarrilaren 4tik, greba mugagabea bertan behera utzi zutenetik. Oporretako azken eguna gaur dute eta bihar itzuliko dira lanera. Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeko kideek herenegun jaso zuten zuzendaritzaren proposamena idatziz. LABeko langileen ordezkarien arabera, oraindik proposamena aztertu eta horren gainean langileekin hitz egin beharrean daude. Baina eurek idatziz jaso duten akordiorako proposamenak «ez du berritik asko». Izan ere, Enpresa Batzordekoek idatziz jaso duten proposamenean prentsara bidalitako oharrean azaltzen ez diren beste xehetasun batzuk jasotzen dituzte nagusiek. «Borondatezko kaleratzeak onartzeko prest dagoela dio zuzendaritzak, baina nagusiek hautatzeko aukerarekin izan behar dutela», diote langileen ordezkari sindikalek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide