Izeta II: «Bi harri zahar erabiliz ordu erdiko marka jarri nahi dudan lehen aldia da»

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko urtarrilaren 24a

Izeta II.-a Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.-ak (Aia, 1967), 30 urte darama harriak jasotzen. Urdanetako jaietan eman zituen lehen urratsak, eta bere ibilbidean marka ugari jarri ditu. Otsailaren 10ean ere beste ahalegin bat egingo du. Beste erronka bat izango du Mendaron, hain zuzen. Erronka garrantzitsua jokatuko duzu otsailaren 10ean, Mendaron. Aritza Mutrikuko harri-jasotzaile bat izan zen, XX. mende hasieran,  1925 urte ingurura arte, harria jasotzen aritu zena. Hamar harri inguru zituen. Nik horietako bi aukeratu ditut, eta horiekin marka  jartzen egiten saiatuko naiz. Zer motako marka egin nahi duzu? Aukeratu dudan harrietako bat 137 kiloko lauki-zuzen zaharra da, eta bestea bere garain 100 kilo zen kubikoa. Esan behar dago, harriak oso zaharrak daudenez, hasieran zuten pisura ez direla iristen, nahiko gastatuta baitaude. Jaialdi egunean epaileek pisatu egingo dituzte, eta gaur egun duten pisua kontuan hartuta ezarriko dut marka berria. Nire asmoa 137 kiloko harriarekin 15 minutuko lana egitea da, eta denbora hori amaitu eta epaileak txistua jotzen duenean, bigarren harriarekin beste hainbeste egingo dut. Denera ordu erdia arituko naiz jarraian harria jasotzen. Aritzarenak ziren harri zaharrek ba al dute aparteko zailtasunik egungo harriekin alderatuz gero? Guk erabiltzen digun harriak eta Aritzarenak guztiz ezberdinak dira. Formari dagokionean, esaterako, lauki-zuzen zaharrak ez du harria heldu ahal izateko eskuentzat zulorik; dado baten forma du, eta heltzeko zaila da oso, oso behetik hartu behar baita harria. Kubikoa, berriz, ez da guztiz kubikoa, alde batek besteak baino gehiago neurtzen baitu. Harria altxatzerakoan asko nabarmentzen da bi aldeen arteko desberdintasuna, oreka mantentzea zaila egiten baita. Harriokin entrenatzen ari al zara erronkari begira? Bai, etxean ditut harriak. Duela bi hilabete ekarri nituen. Aritza zenaren 70 urteko bilobak zituen harriak baserrian gordeta. Familartekoek erraztasun guztiak jarri dizkit erronka egin ahal izateko, haiek ere nahi baitzuten aitona zenaren harriekin marka polit bat jartzea. Aritza zenari egingo diogun omenaldia izango da hau. Zer moduz sentitzen zara entrenatzean? Luze samarra egiten ari zait, erresistentzia asko landu behar baita marka hau jartzeko. Lehen ere egin izan ditut ordu erdiko markak, baina bi harri erabiliz ordu erdiko marka egin nahi dudan lehen aldia izango da. Lehenengo 15 minutuak ondo egiten ditut, baina bigarren zatian, harria txikiagoa denez, guztiz aldatu behar da erritmoa, eta harria jasotzeko modua ere desberdina da. Mendaroko markaz gain, bihar Zarauzko Kirol Patronatuak zure kirol ibilbide oparoagatik sari bat emango dizu. Gustura hartu al duzu aitortza? Lehen Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak irabazi izan ditudanetan Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten zituzten gisa horretako aitortzak. Baina herri mailako lehena izango da. Oso gustura nago 30 urteko harri-jasotzaile ibilbilbidearen aitorpena baita. Hasi nintzenetik sari asko irabazi ditut, eta marka asko jarri ditut. Oso gustura nago egin dudan lanarekin. Etorkizunari begira zein asmo dituzu? Martxoan 46 urte egingo ditut, eta jakin badakit nire harri-jasotzaile ibilbidearen azken txanpan nagoela. Azken hamarkadetako ibilbide oparoa ez nuke maila bajuarekin amaitu nahi, baina momentuan ez dut erretiratzeko eperik zehaztu, eta gorputzak ondo erantzuten didan arte arituko naiz harria jasotzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide