Herritarren harremanak josiz

Ane Olaizola 2013ko urtarrilaren 24a

Itziar Larrañaga (eskubian) egitasmoko beste boluntarioekin elkartzen da jasotako arropak txukundu eta sailkatzeko. (Ane Olaizola/Hitza) Sarrerako atean bada iruditxo bat. Bi pertsona, jatorri desberdinetakoak, zubiaren alde banatan daude. Bakoitzak harri bat darama, osatu gabe dagoen zubia eraikitzeko. Hori da Zubixe Azkoitiko elkarte sozialaren funtsa. «Guztiok gara zubia, eta guztiok eraiki behar dugu. Alde guztiek egin behar da lana horretarako». Ahalegin horretan dihardu taldeak azken urteetan herrian, eta orain egoitza berria estreinatu du, aurrekoa «txikiegi» geratu ondoren. Orain arte kultur etxeko laugarren solairuan zuten gela kideek. Eta gertu dute egoitza berria ere, lehenengo pisuko gela bat eman baitie udalak. Distantzia txikia izanda ere, bien arteko aldea «handia» dela adierazi du Itziar Larrañagak, elkarteko arduradunetako batek. «Aurreko egoitzan itota geunden. Ez genuen lekurik ibiltzeko, eta ez genekien jantzi bakoitza non genuen. Orain, berriz, askoz hobeto gaude, txukunago dugu guztia». Arropa bildu eta behar dutenen artean banatzen du elkarteak. Astean behin eskaintzen du zerbitzua. Asteazkenero zabaltzen dute arropategia, 09.00etatik 11:00etara, eta tarte horretan uzten eta jasotzen dute arropa herritarrek. Egoitza berriarekin batera, ordea, beste zerbitzu bat jarri nahi dute martxan: josteko bi makina jarri dituzte, herritarrek arropak konpontzeko aukera izan dezaten. «Jendeak zerbitzua jaso edo konpontzen ikasi nahi duela esatea nahiko genuke. Guk gustura irakatsiko genioke». Behar dutenei arropak eta bestelako materialak emateaz gain, Zubixeren beste helburu nagusia etorkinekiko arteko harremana sustatzea da, Azkoitian integratu daitezen. Eta josteko makinak horretarako tresna egokiak direla deritzo Larrañagak: «Arropak konpontzen ikas dezakete, eta bertara etortzen badira elkar ezagutu eta harremana izateko aukera izango dute». Egoitza berriaren itxura. (Ane Olaizola/Hitza) Herritar guztientzako zabalik Itziar eta Romualdo Larrañaga dira elkarteko arduradunak, baina egitasmoa aurrera eramateko zenbait boluntarioren laguntza  dute. Ateak asteazkenetan irekitzen badituzte ere, arropak sailkatu eta txukuntzeko denbora behar izaten dute aurrez, eta horretarako astero biltzen dira. Arropek hartzen dute egoitzako zatirik handiena, baina mantak, izarak edota sukaltzeko ontziak ere ikus daitezke han hemenka Zubixeneko egoitzan. «Guztia jasotzen dugu», azaldu du Larrañagak. Kidearen arabera, gainera, zenbait jantzi lortzeko arazoak izaten dituzte askotan. «Ez dugu izaten umeentzako, gazteentzako eta gizonezkoentzako nahikoa arropa». Dena den, herritar askok ematen dizkiete jantziak; gustura daude zentzu horretan. Astero sartzen da arropa berria, eta jasotzera ere herritar andana joaten zaie. «Azkoitiarrez gain, inguruko herrietatik ere etortzen dira. Batzuk, gainera, goizeko seietarako etortzen direla esan izan didate udaltzainek. Izan ere, goizean lehenengo orduan etortzen direnek aukera gehiago dute nahi dituzten arropak lortzeko. Gustuko arroparena zorte kontua da askotan». Hala, arropategia zabaltzen duten bakoitzean ilara luzeak sortzen direnez, itxaron gela bat ere egokitu dute. Gainera, elkartea beste talde edo erakundeekin ere harremanetan izaten da, eta noizbehinka Gizakia Helburu terapia zentroan dauden pertsonei ere ematen dizkiete arropak. Krisiaren eraginez, arropa beharrean dauden pertsonak ugaritu egin direla aipatu du elkarteak. «Lehen etortzen ez ziren asko etortzen dira orain; jatorriz pakistandarrak direnak ugaritu dira asko». Larrañagak adierazi du arrropak jasotzera, batez ere, etorkinak joaten direla, baina zerbitzua herritar guztientzako dela argitu du. «Beharra duten guztiak jo dezakete gugana, baina bertakorik ez da etortzen». Elkartearen asmoetako bat herritarren arteko harremana sustatzea izanik, elkarbizitzaren inguruan arduratuta dago Larrañaga. Egoera ekonomikoak etorkinen integrazioa zailtzen duelako uste du. «Inoiz baino okerrago ikusten dut elkarbizitzaren kontua. Etorkinek jasotzen dituzten laguntzen inguruan gezur asko esaten dira. Baina legeak hor daude». Bulego trukea Zubixenen egungo egoitzan orain arte Kontsumitzaileen Informazio Bulegoa eta Herrixe Merkatari Elkartea zeuden. Lokalak trukatu dituzte, eta Zubixe lehen solairuan egonik, aurrerantzean laugarren pisuan egongo dira beste bi bulegoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide