«Futbola heziketa tresna gisa erabil daitekeela erakutsi nahi diegu prestatzaileei»

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko urt. 24a, 09:30

Haurrak Zarauzko hondartzan futbolean jokatzen. (Aritz Mutiozabal/Hitza) Haurrak entrenatzean egiten diren akatsen inguruko ikastaro bat emango dute Donostian Futbolaz Blaiko kideek. Ehunka haur biltzen dira larunbatero eskualdean futbol partidatxoak jokatzeko. Askoren kirolik gustukoena da futbola, eta, horregatik, Aitor Manterola entrenatzaile zumaiarrak, Aritz Olagoi kiro psikologoak eta Joseba Sesma Jarduera Fisikoa eta Kirol Zientzietan Lizentziatuak elkarlanean Futbolaz Blai bloga sortu dute, «futbolaren formazioan kalitatezko egitasmoak sustatzeko» asmoz. «Kalitatezko irakaskuntzan sinesten dugu, eta helburu horretan laguntzeko formazioa ezinbestekoa dela iruditzen zaigu», adierazi dute. Ildo horretan, uste dute futbolaren irakaskuntza ezin dela eduki fisiko-tekniko-taktiko-psikologiko jakinetara mugatu. «Haur eta gazteekin ari garenean, jokalarien heziketa osoa da garrantzitsua; futbolari dagokiona, baina baztez ere gizalegezko baloreak irakastearen ingurukoa». Horregatik, eskola kirolean nahiz futbol klubetan haur eta gaztetxoak entrenatzen dituzten futbol entrenatzaileei zuzendutako formazio saioa antolatu dute larunbaterako. «Egoki entrena dezaten prestatu nahi ditugu entrenatzaileak. Haurrei dagokionean, umeak futbolaren bidez motibatzeko estrategiak erakutsi nahi dizkiegu. Gainera, jakin badakigu futbola heziketa tresna gisa erabil daitekeela, eta horretarako zer baliabide dauden erakutsi nahi diegu futbol prestatzaileei», azaldu du Aitor Manterola zumaiarrak. Balioak helaraztea helburua Haurrak futbolean entrenatzerako orduan egiten den hainbat akats identifikatu dute hiru adituek, eta horren aurrean irtenbideak eman nahi dizkiete entrenatzaileei. «Ez da orokorra, baina kasu batzuetan ikusi dugu entrenatzaileak ez daudela behar bezala prestatuta. Askotan haurren prestatzaileak nerabeak edota gurasoak izaten dira, izan ere. Konturatu gara irabazteko grina gehiegi nabarmentzen zaiela haurrei», azaldu du Manterolak. Zumaiarraren iritziz, irabazteaz gain, «futbolak haurraren heziketan oso garrantzitsua den hainbat balio sustatu behar ditu». Argi du hori. «Futbolaren bidez, alde batetik haurrei erakutsi behar diegu kirola egitea ona dela denontzat; gainera, taldeko kirola da, eta futbolean jokatzen dugun bitartean ondo pasatzeko laguntasuna eta taldeko kide guztien parte hartzea ezinbestekoak direla helarazi behar zaie. Baita errespetua eta talde kideei laguntzea oso garrantzitsuak direla ere». Saio teoriko-praktikoa Entrenatzaileei zuzendutako prestakuntza ikastaroak alderdi teorikoa eta alde praktikoa uztartuko dituela azaldu du Aitor Manterola entrenatzaileak. «Saioa parte-hartzailea izan dadin nahi dugu. Entrenatzaile eta prestatzaileek zalantzak galdetu eta denon artean horiei irtenbidea ematea da gure asmoa. Gainera, entrenamenduetan landu ahalko dituzten ariketak eta estrategiak ere proposatuko dizkiegu». Ikastaroa larunbatean izango da, 10:30etik 13:00etara, Donostiako Anoeta Estadioko Kiroletxean, Atano III. aretoan. Saioa doan izango da, eta bertan parte hartu nahi dutenek, futbolazblai@gmail.com helbidera idatzi behar dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide