Erkibe okupatu eta hurrengo egunean, hainbat gazte gaztetxe aurrean (Aritz Mutiozabal/Hitza)
Bihar deklaratuko dute 2008ko uztailaren 9an Erkibe gaztetxe zaharrean ertzainek identifikatutako zortzi gazteek, Donostiako epaitegian. Zelaia familiaren etxea okupatu, eta bi egunera bertaratu zen Ertzaintza, jabeek bi salaketa—bata eraikina okupatzeagatik eta bestea bertan eragindako txikizioegatik— jarri ostean. Hamabi lagun identifikatu zituzten, eta haietako zortzi deitu dituzte bihar deklaratzera. Horrez gain, 80.000 euroko kalte ordaina eskatu diete, «eraikinari eragindako kalteengatik».
Hori dela eta, gazteei deklaratzeko zitazioak heldu ahala,
Ni ere han izan nintzen herri ekimena sortu zuen Zuga Zumaiako Gazte Asanbladak. «Zumaiako gazteriaren aurkako eraso horri herri bezala erantzun nahi diogu. Hamabi gazte identifikatu dituzten arren, 20 izan zitezkeelako, 30 edota 100», adierazi dute Zugako kideek». Ildo horretatik, elkartasuna adierazi eta gertakaria gaitzesten zuten ehunka sinadura bildu zituzten.
Ekimenak ez ziren orduan bukatu, ordea. Pasa den ostiralean kofradiatik abiatuta elkarretaratze ibiltaria egin zuten dozenaka lagunek, esaterako. Epaiketaren egunean bertan ere institutu atarian elkartuko dira, epaiketan izango diren zortzi lagunei «babesik beroena» eskaintze aldera. 11:00etan egingo dute elkarretaratzea. «Gazteriak eguneroko lanarekin herrian lortutako zilegitasuna ez digutelako kenduko ez epaitegi, ezta komisariatan ere. Edozein izan zitekeelako; zortzi gazteren aurkakoa baino, Zumaiako gazteriaren aurkako epaiketa izango delako, herri honetan oso garesti ordaintzen delako eskubideak geure egin eta herria eta etorkizuna eraikitzea, eta oso merkea espekulatzea», salatu dute Zumaiako Gazte Asanbladatik.
Herriari bizia emanez
2008ko uztailaren 9an okupatu zuten herriko ehundik gora gaztek Erkibe eraikin zaharra. «Asanblada eta autogestio» bidez funtzionatzen zuen gazte mugimendu hark espazio fisiko baten beharra aldarrikatu zuen, «biltzeko, antolatzeko, borrokatzeko eta gazte espresio orori bide emateko». «Eman gabekoa hartzea» erabaki zuen hala Zumaiako Gazte Asanbladak, eta «herriaren arnasgune eta birika» bihurtu zuen eraikina. Ildo horretatik, gazteek «loalditik esnatu eta makarrak kentzeko astirik ere hartu gabe», auzolaren bidez «herria eraikitzeari» ekin zioten, «herriari bizia emanaz»: «Herriari ikusarazi genion gazteok etxebizitza duin bat lortzeko baliabiderik ez dugun bitartean herri erdian halako etxetzar bat hautsak janda egotea ez dela zilegi».
Eraikina okupatu bazuten ere, Zelaia sendiarekin harremanetan jartzeko asmoa erakutsi zuten gazteek, «elkarrizketa bidez konponbidea aurkitzeko». Hala ere, gauero jendea geratzen zen Erkiben lotan, erresistentzia gisa.
Eraikina okupatu eta bi egunera heldu ziren ertzainak. «Ia guztiok lotan geundela etorri dira. Konturatzerako udaltzainen aurrean aparkatuta zeuden furgoneta eta kotxe batetatik atera eta patioan sartu dira», kontatu zuen orduan gaztetxean zegoen batek: «Beheko solairura jaitsi gaituzte eta hormaren kontra, eskuak gora jarri eta banan bana identifikatu gaituzte; izenak eta bakoitzaren telefono zenbakiak hartu dituzte. Bideoarekin irudiak ere hartu dituzte, baita lekuarena eta gure aurpegienak ere.». Zelaia familiak bi salaketa jarri zituela jakinarazi zieten ertzainek bertan zeudenei , Erkibe okupatzeagatik bata eta bestea eragindako t xikizioengatik. Era berean, gaztetxea uztera «gonbidatu» zituzten, bestela, handik egun batzuetara indarrez aterako zituztela jakinarazi zieten.
Ertzaintzak Erkibe hustu eta adreiluz itxi zuen behin betiko 2009. urteko uztailaren 24ean, herriko gazteek eraikina hartu eta handik urtebetera, hain zuzen.
Epaiketaren harira, Zumaiako Gazte Asanbladak kaleratutako oharra irakurri eta bideoa ikusi nahi izanez gero, bisitatu galernasarean.info webgunea.