Zarauzko Udalak eskerrak eman nahi dizkie azken egunetako eguraldiarekin lanean aritu direnei, ondoko oharraren bidez: "Euri eta haize erauntsiak joan dira, baina neguan egonik, eurite, elurte eta haizete gehiago egotea normala izango da. Uste dugu, negua izan eta eguraldi makurrak egin arren, herritarren eta herriaren bizimoduak aurrera egin behar duela, eta horretarako, berariaz, eurite, elurte eta uholdetarako dauden protokoloak betetzea garrantzitsua iruditzen zaigu.
Horretarako, berebiziko garrantzia du beharrezko baliabide teknikoak eta giza baliabideak izateak; hain zuzen ere, bizi izan ditugun eta, aldi berean, jasan ditugun meteorologia-fenomenoen eragina ahal den neurrian prebenitu, jakinarazi eta arintzeko.
Zarauzko Udalak eskerrak eman nahi dizkie azken egunetan, uholde arriskua prebenitzeko edo hauek kudeatzeko lanean aritu diren Gurutz Gorriko, Zingira babes zibileko, Caritaseko, auzo elkarte ezberdinetako eta Udaltzaingoko kideei.
Hurrengoan ere, gerta daitezkeen arazoak orain bezain azkar eta eraginkor kudeatu ditzagun denon artean".