Garaipen bikoitza Lopezentzat, Orlandoko Citrus Txapelketan

Aritz Mutiozabal 2013ko urtarrilaren 22a

Imanol Lopez buruz buruko garaikurrarekin (Jai Alai News)

Asteburu honetan jokatu da Orlandoko 24. Citrus Txapelketa, Jai Alaiaren "Superbowl"-a deiturikoa. Amerikako Estatu Batuetako pilotalekuetako ordezkaririk onenak elkarren kontra lehiatu dira, eta Euskal Herritik bertara joandako bikote bat ere izan da. Beste urte batez, giro paregabea bizi izan dute Orlandoko Seminole frontoian elkartutakoek, ikuskizun bikania eskaini baitute txapelketan parte hartu duten 16 pilotariek. Imanol Lopez izan da jaun eta jabe txapelketa osoan, garaipen bikoitza erdietsiz: atzelarien buruz buruko titulua eta binakakoa. Binaka Orlandoko Citrusean lortzen duen bosgarren garaipena du, eta buruz buruan, berriz, hirugarrena.

Ostiral gaueko funtzioan, Aurrelarien Banakako Titulua jokatu zen. Bertan, Aritz Erkiaga bizkaitarra izan zen nagusi. Iñaki Osa Goikoetxea ere titulua lortzeko gertu ibili zen, baina azkenean bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, Miamiko bere lagunaren atzetik.

Larunbat goizeko funtzioan, Atzelarien Banakako Tiitulua jokatu zen eta Imanol Lopezek irabazi zuen. Bera zen faborito nagusia eta hirugarrenez lortu zuen Orlandoko Atzelarien Titulua, arazo handiegirik gabe. Zortzigarren postuan atera zen kantxara Lopez, eta lehenengo tantoa Gotzon Enbil herrikidearen kontra irabazi zuen. Hala ere, hurrengo tantuan Ortzi Goiri "Txasio" zarauztarrak irabazi zion eta "kaiolara" joan behar izan zuen. Tanto bikainak ikusi ziren Lopez berriro kantxara sartu bitartean. Izan ere, beharrezko zituen sei tantoak erreskadan lortu zituen Miami Jai Alaiko atzelariak, eta banan-banan irabazi zien, hurrenez hurren, Cisneros, Txasio, Etcheto, Sierra II, Spinner eta Irastorzari. Errebotean barrura, txula, errebotean bi-paretak... errekurtso bikainak ditu Lopezek atzelaria izateko eta, egia esan, ez du aurkarik izan Orlandoko 24. Citruseko Atzelarien Titulua irabazteko.

Larunbat gauean, azkenik, frontoia leporaino beteta zegoela, Binakako Titulua jokatu zuten zortzi bikotek. Imanol Lopezek Aritz Erkiagarekin osatu zuen bikotea Miami ordezkatuz. Goikoetxeak Irastorzarekin, Gotzon Enbilek Beaskoetxearekin eta Txasiok Solozabalekin. Erkiaga-Lopez eta Beaskoetxea-Enbil izan ziren Binakako Txapelketako onenak, eta jendearen txalo zaparrada gogorrenak eurentzat izan ziren. http://youtu.be/ICiZKe5aaeU

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide