LABek mobilizazioak indartuko ditu eskualdean

Urola Kostako Hitza 2013ko urtarrilaren 18a

LABeko metaleko sektoreko ordezkariak eta langileak Azpeitian egin dute elkarretaratzea.
(Ane Olaizola) Urola Kostako LABeko metalgintzako sektoreko ordezkariek eta hainbat langilek elkarretaratzea egin dute gaur, Azpeitiko plazan, Negoziazio Kolektiboko marko propioa eta Gipuzkoako Metalgintzako Hitzarmena aldarrikatuz. Sindikatuak adierazi du Espainiako Gobernuak ezarri duen lan erreformak "langileen lan baldintzak sutsitzea" duela helburu, eta "pobreziara" eta "miseriara" eramaten dituztela. Horri aurre egiteko, beraz, eskualdean mobilizazioak eta kanpainak areagotuko dituztela aurreratu dute; hala nola, hurrengo ostegunean, hilaren 24ean, auto karabana egingo dute eskualdean, "langileei egoeraren larritasunaren berri emateko". LABek adierazi du uztailaren 7a baino lehen akordiorik ez bada lortzen herrialdeetako hitzarmenak indargabetu egingo direla; "langileok oinarrizko babesik gabe geratuko gara, eta enpresariek bidea irekita izango dute langileon eskubideak nahi dituzten bezala zapaldu ahal izateko". Horien arabera, sindikatuak "behin eta berriz" helarazi dizkio proposamenak Adegiri, baina ez du "inongo erantzunik" izan. "Beraien blokeo jarreraren aurrean, negoziaketa itxurak egiteari utzi eta benetako inplikazioa eskatzen diogu Adegiri, Espainiako Gobernuak inposatu duen lan erreforma baztertu dezan eta gure errealitate ekonomiko, sozial eta politiko propioaren araberako negoziazio kolektiborako marko propioaren alde egin dezan". Zentzu horretan, gogoratu dute eskualdeko zenbat enpresetan dagoeneko onartu dituztela "LABek lan erreformari aurre egiteko planteatu dituen neurriak"; hala nola, TS Fundiciones, Zarazko Bi, Biele, Xey, Electromontajes Gohita eta GKN enpresek lan baldintzen "funtsezko aldaketak" bi aldeen arteko adostasunekin gauzatzea onartu dute. Halaber, hitzarmenak "denbora mugarik gabe" ezartzen jarraitzea eta enpresetako hitzarmen osagarria Gipuzkoakoa izaten jarraitzea onartu dute, sindikatuaren arabera.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide