Eskualdeko hiru jokalari, Orlandoko Citrus txapelketan

Urola Kostako Hitza 2013ko urtarrilaren 18a

Gaur eta bihar  jokatuko da Orlandoko (Florida, AEB) Citrus txapelketa, eta bertan hiru zumaiar eta zarauztar batek hartuko dute parte, Iñaki Osa Goikoetxea, Imanol Lopez, Gotzon Enbil eta Ortzi Goiri Txasio-k, hain zuzen. Hiru zumaiarrak goi mailan jolastera ohituak daude eta behin baino gehiagotan hautatu dituzte Citruserako. Txasio zarauztarrarentzat, berriz, lehenbiziko aldia izango da Orlandoko txapelketan parte hartzen duela. Azken bi txapelketak Goikoetxea eta Lopezek osatutako bikoteak irabazi ditu. Miami ordezkatuz, aurkaririk ez dute izan zumaiarrek azken bi urteetan, baina oraingoan banatu egin dituzte eta beraz ez dute elkarrekin jokatuko. Goikoetxeak Irastorza lapurtarrarekin osatuko du bikotea eta Lopezek, berriz, Aritz Erkiaga bizkaitarrarekin. Bi bikote hauek titulua irabazteko faborito nagusienetakoak dira, Miami Jai Alai baita gaur gaurkoz zesta-puntako enpresarik indartsuena. Gotzon Enbil eta Ortzi Goiri Txasio atzelariak Dania Jai Alai pilotalekua ordezkatuko dute eta goi mailako bi aurrelari izango dituzte lagun. Enbilek Diego Beaskoetxearekin jokatuko du, Danian momentu honetan dagoen aurrelari onenarekin. Txasio-k ere ez du nolanahiko bikotea izango; buruz buruz espezialista, binaka ere bikain defendatzen dena eta Citrus-a irabaztea zer den ondo dakien Ricardo Solozabalekin jokatuko du. Gainontzeko bikoteak honakoak izango dira: Sierra anaia mexikarrak eta Arta-Spinner bikoteak Orlando Jai Alai ordezkatuko dute, Angel eta Cisneros-ek Mexiko eta Olha eta Etchetok Master Pro Tour Euskal Herriko enpresa. Gaur gauean aurrelarien banakako titulua jokatuko dute; bihar eguerdian atzelarien banakakoa eta bihar gauean, berriz, binakako txapelketa.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide