(Jone Bergara /Danbolin) Iraetan ate joka dituzte santainesak, eta aurtengoan, berrikuntza ugari izango dituzte auzotarrek; ohiko egitarauaz gain, ekintza berriak prestatu ditu Iraeta Denon Artean auzo elkarteak, eta igandetik hilaren 27ra bitartean adin guztiek izango dituzte gozagarri; "jai parte hartzaileak dira, jende askoren artean antolatzen ditugulako, auzotar guztien nahiei begira, eta hori oso aberagarria da", adierazi du Iban Narbaizak, antolatzaileetako batek. Estreineko aldiz Urrezko Aizkora Euskal Herriko txapelketa nagusienetakoaren final aurrekoak jokatuko dituzte santainesetan, eta lehen mailako aizkolariak lehiatuko dira hilaren 27an. "Aukera izan dugu saioa, auzora ekartzeko, eta harrera ona izango duelakoan gara, herri kirolek halako erantzuna izaten dutelako". Hogeita laugarren urtez auzoko Mus Txapelketa egingo dute festetan; 22:30ean hasiko da saioa, eta bikoteek ordu erdi lehenago eman beharko dute izena, 30 eurotan. Bikote irabazleak 1.000 euro, txapela eta trofeoa jasoko du, eta bigarrenak 500 euro eta trofeoa. Hirugarren eta laugarren postuan geratzen direnei, berriz, 200 eta 100 euro banatuko dizkiete, hurrenez hurren. Dena den, txapelketatik kanpo geratzen direnek bigarren aukera bat izango dute, eta horien artean beste txapelketa bat izango da lehenengo aldiz, sariekin. Umeen Eguna, igandean Umeen Egunarekin hasiko dituzte festak, igandean, eta horiei zuzendutako ekintza ugari izango dira arratsaldetik aurrera; hala nola, puzgarriak, tailerrak, jolasak eta aurpegi pintaketak izango dituzte. Eguraldiaren arabera, ordea, jolasek aldaketak izan ditzaketela adierazi dute antolatzaileek. Astelehenean izango da, ordea, Santa Ines Eguna, eta orduan botako dute suziria auzoan, festak modu ofizialean has daitezen. Hurrengo asteburuan, berriz, ohiko afari herrikoia egingo dute frontoian, eta bertara joateko txartelak dagoeneko eros daitezke auzoko eta Zestoako tabernetan, hamar euroren truke. Azken eguna auzoko adinduei eskainiko diete; auzoko bi pertsona adindu omenduko dituzte, eta ondoren hamaiketakoa egingo dute guztiek. EGITARAUA:
- Urtarrilak 20, igandea. Umeen Eguna.
- Urtarrilak 21, astelehena. Santa Ines Eguna.
- Urtarrilak 25, ostirala.
- Urtarrilak 26, larunbata.
- Urtarrilak 27, igandea.