Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Krisi ekonomikoari aurre egiteko asmoz herritar asko ekintzaile bihurtu eta euren negozio propioa sortzera animatzen dira. Dena dela, negozio berri bat sortu aurretik gauza asko hartu behar izaten dira kontutan, norberak buruan duen ideia errentagarria izan dadin.
Negozioa sortzeko lehen urrats horiek ematean izaten diren zailtasunen jakitun da Urola Kostako Udal Elkarteko Enpresa Sustapen Zerbitzua. Horregatik enpresa txiki eta autonomoen kudeaketari buruzko ikastaroa antolatu du, Euskadi Enprende Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren laguntzarekin.
56 orduko ikastaroa
Ikastaroa enpresa txikia abian jarri nahi dutenei edo euren negozioa abian jarri berri dutenei dago zuzendua. Urtarrilaren 28tik otsailaren 14ra bitartean izango da eta denera 56 ordu izango ditu. Astelehenetik ostiralera izango dira saioak 09:30etik 13:30era Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan bertan.
200 enpresatik gora
Udal elkartetik jakinarazi dutenez, azken bost urtetan 200 enpresa sortu dira Urola Kostako Enpresa Sustapen Zerbitzuaren laguntzari esker eta aurrerantzean ere bide horretan jarraitu nahi dute. Ikastaroari buruzko informazio gehiago nahi dutenek edo bertan izena eman nahi dutenek 943-890808 telefono zenbakira hots egin behar dute.