San Anton Eguna iristear da, eta urtero bezala Getariako Txakolinaren uzta berria aurkeztu zuten atzo. Getariako Txakolina jatorri izenaren arduradunek jakinarazi dutenez, «txakolinak eguraldia lagun izan du udan, eta horrek mahatsak behar bezala ontzeko aukera eskaini die mahastizaleei. Aurtengo txakolina fruitu lurrinekoa da, eta garraztasun puntua du». 2.268.710 litro ekoiztu dituzte.
Bihar eguerdian irekiko dituzte 2012ko uztaren lehenengo botilak, Getariako San Anton egunean. Herriko pilotalekuan jarritako karpan aurkeztuko dute txakolin-uzta berria, eta dastatzeko aukera ere egongo da. Getariako upategietako batek lehenengo aldiz parte hartu du txakolinaren ekoizpenean, eta ostegunean bertan aurkeztuko dute Elkano izenarekin.
Bihar bertan izendatuko dituzte, baita ere, 2013ko Mahasti Jaunak; Andoni eta Pedro Arregi anaiak eta Getariako Elkano Arrantzaleen Kofradia izango dira aurtengoak.
Txakolin «garbiagoa»
Jasotako mahatsak ondo heldu direnez, tratamentu gutxiago behar izan dutela jakinarazi dute. Hori dela eta, ekoiztutako txakolina «garbiagoa, osasungarriagoa» dela baieztatu du Manterolak. Udan eguraldiak egin dien mesedea udazkenean ordaindu beharko zuten beldur ziren ekoizleak, baina ez da halakorik izan, eta pozik daude: «Halako uzta ona jasotzen denean, zaila izaten da txakolin txarra egitea».
Txakolina datuetan
- 2.268.710 litro txakolin ekoiztu zituzten iaz Getariako Txakolina jatorri izeneko txakolindegiek.
- 96 mahasti zalek ekoizten dute Getariako Txakolina izena daraman edaria egin ahal izateko mahatsa.
- 27 upategik osatzen dute Getariako Txakolina jatorri izena. Horietatik bi Aiako lurretan daude, zazpi Zarautzen eta hamabi Getarian.
- Ekoizpenaren %80 Gipuzkoan kontsumitzen da.
- Egun ekoizpenaren %5,6 Espainiako Estatutik kanpo saltzen dute; 2012an 2011n baino %33 gehiago saldu zuten atzerrian.