Juan Mari Olaizola, bere margolanen aurrean (Ane Olaizola).
«Aurretik masaje emaile gisa egiten nuen lan, eta niretzako masajeak ematea arte bat zen. Lan egiteari, ordea, utzi egin behar izan nion, osasun arazo bategatik, eta, orduan, etapa berri bati ekin nion: margotzeari». Bata utzi eta bestearekin hasi zenez, Artetik artera izenburua jarri dio Juan Mari Olazabal azpeitiarrak bere estreinako erakusketari. Betharram areto berrituan paratu du, eta urtarrilaren 27a bitartean dago ikusteko aukera; astean zehar, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Olaizola autodidakta gisa hasi zen margotzen, duela zazpi urte inguru. «Ez dut inon ikasi margotzen. Nolabait esateko, buruan sortzen zaizkidan gauzak kanporatzen ditut», aditzera eman du. Erakusketan 40 margolan jaso ditu, orain arte egindako lanaren erakusgarri: «Orain arte egin dudana eraman du erakusketara. Bakar batzuk kanpoan utzi ditudan arren, gehientsuenak bertan ikus daitezke».
Artistaren proposamen piktorikoa abstraktua da. Berak «abstrakto perfektu» gisa definitzen du: «Askotan margolan abstraktuetan lerro edo ibilbide lodiak nagusitzen dira. Nik, aldiz, pintzel txikiekin egiten dut lan, bukaera zehatzak emanez, perfekzioa lortu nahian». Margolan koloretsuak dira guztiz; izan ere, denetariko koloreak nahastu ditu azpeitiarrak bere koadroetan.
«Askotan koloreak zeure aldartearen arabera aukeratzen dituzu. Adibidez, itzalita baldin bazaude, kolore ilunagoak erabiliko dituzu». Egunotan erakusketa bistarazi duen jendeari ere deigarria egin zaio Olaizolaren kolore aniztasuna: «Egunero ere ez gaudelako berdin animikoki». Horrez gain, momentuan momentuko egoerak ere igortzen saiatzen da margotzerakoan.