Baserriak gaur goizean duen itxura (Nerea Uranga/Hitza)
Zuola baserria luiziak harrapatuta, Urrestillatik Aratz Errekarako bidetik ikusita (Nerea Uranga/Hitza)
Zuola berri baserriaren lehen pisua lur azpian dago (Nerea Uranga/Hitza)
[Uztarria.com/ Nerea Uranga] Urrestillako Zuola berri baserria luiziak harrapatu du. Goizaldeko 03:00ak aldera, luizia areagotzen ari dela konturatu dira baserriko bizilagunak eta etxetik irtetea erabaki dute. Autoak hartu eta senide baten etxera abiatu direnean goitik luizi handia zetorrela konturatu dira. Ordutik, pixkanaka-pixkanaka etxea lurperatzen joan da. Goizeko 06:00ak aldera oraindik Zuola baserria eta Zuola baserriaren artean ibiltzeko modua zegoela azaldu dute inguruko baserrietako bizilagunek. Baina, goizeko hamarretarako Zuola berri baserriaren lehen pisua lurpean zegoen eta oraindik mugitzen ari zela antzematen zen. Suhiltzaileak bertan izan dira goizean eta etxeko gas azpiegiturak-eta indargabe utzi dituzte eta gasaren bonbonak etxetik atera dituzte. Goizeko 09:00ak aldera Zuola baserri zaharreko aterpea ere lurperatu egin du luiziak, eta orduan barruan zeuden ardiak suhiltzaileek kanporatu egin dituzte.
Zuola berri baserria orain dela 15-16 urte eraiki zutela esan du etxejabeak, baina ordutik aterpeak eta zati berri bat ere erantsi zioten etxeari. Sei lagun bizi ziren bi bizitzako baserrian. Solairu batean, gurasoak bizi ziren alaba batekin, eta bestean alabetako bat senarrarekin eta hiru hilabeteko alabarekin. Goizaldeko hiruretan denak atera dira etxetik eta onik daude. Baina, etxetik ezer ateratzeko aukerarik ez dute izan, kalte materialak handiak izan dira. Zuola baserri zaharrean gaur egun ez da inor bizi, bertan ardiak, barazkiak eta aldatzeko arropak-eta gordetzen dituztela esan du bertako semeetako batek.