Astero ipuin labur bat idatzi eta
Mikroipuin-labea izeneko blogean argitaratzen zuen Josu Waliñok (Zumaia, 1972). Duela hiru urte ekin zion ariketa literarioari, eta 2011ko abendura arte luzatu zuen, Amaiera izeneko lanarekin biribildu arte. Azken urtean sortutako ipuin guztiak berrikusi eta zuzendu ditu, eta bilduma txukun batean argitaratu ditu, formatu digitalean. Liburua
baleike.com/mikroipuinak blogean eskuratu daiteke dohainik. Hona hemen biharko egunkarian kaleratuko dugu elkarrizketaren aurrerapena.
Mikroipuin-labea sarerako espresuki sortutako literatur blog gisa sortu zenuen. Hori horrela, logikoena bilduma bera ere formatu elektronikoan sarean eskuragarri jartzea al zen?
Berez, proiektuak bilduma gisa logika galtzen duela esango nuke. Mikroipuin-labean argitaratutako ipuin gehienek lotura estua dute idatzitako unearekin, ordungo gertakizun batekin, edo nik pertsonalki bizi nuen zerbaitekin. Ondorioz, mikroipuinak uneari zegozkion, eta blog izaera oso egokia zen bat-batekotasun horri erantzuteko. Bildumak aje hori du, denboraz kanpo perspektiba galtzen baita eta horrek irakurleari irakurketa zaildu egiten baitio. Baina, bestalde, ipuin guztiak elkartu eta irakurleari bilduma gisa eskaintzea beharrezkoa ikusten nuen. Hortik orain urratsa ematea.
Euskarri fisikoan argitaratzeko asmorik ba al duzu? Hausnarketarik egin al duzu horren inguruan?
Hori izan zen nire asmoa, baino editoreek ere zail ikusten zuten proiektua ipuinak beste euskarri bati begira idatziak izan zirelako. Horregatik orain digitalki argitaratzea erabaki dut.