Urtero legez, Zarauzko Turismo Bulegoak eta Euskalduna tabernak inauteritako kartel lehiaketa antolatu du eta bihar amaituko da lanak aurkezteko epea. Parte-hartzaile bakoitzak bi kartel aurkeztu ahalko ditu, gehienez, eta horiek originalak izan beharko dute, inoiz argitaratu gabeak. Teknika librea izango da eta DIN A3 formatuan egin beharko dira.
Kartazal itxi batean aurkeztu beharko dira, izenperik eta izenik gabe, baina titulu edota ikurren bat izan beharko du. Datu pertsonalak,berriz, gutunazalaren barruan joan beharko dute, izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbakia zehaztuta. Horri nortasun agiriaren kopia bat gehitu beharko zaio. Tabernara (Kale Nagusia, 37) edota Zarauzko Turismo bulegora (Nafarroa kalea, 3) igorri edota eraman beharko dira diseinuak.
Irabazleak 300 euroko saria eskuratuko du, eta kartela inauteritaak iragartzeko kartela eta egitarauaren azala egiteko baliatuko dute irudia. Bigarren lan onenaren jabeak, berriz, 150 euro jasoko ditu. Aurkeztutako lanekin Euskaldunan erakusketa antolatuko dute. Erakusketa amaitu eta hogei egunetako epean jaso ahalko dira bueltan lanak, irabazlearena izan ezik. Hori tabernak gordeko du.