'Minutulariak' erakusketa ikus daiteke Photomuseumen

Aritz Mutiozabal 2013ko urtarrilaren 14a

Minutulariak edo kale-argazkilariak (Photomuseum).   Minutulariak. Izengoiti kuriosoa jarri zitzaien zurezko kamara handiak bizkarrean hartuta herriz herri ibiltzen ziren argazkilariei. Jaiak, azokak, paseoak eta plazak lan eremu bihurtuta, beren zerbitzuak nahi zituztenei argazkiak bat-batean ateratzen zizkieten. Atera eta momentuan errebelatuta eman, zuri-beltzean, prezio herrikoian. Hortik zetorkien ezizena. Argazki kamera propioa izatea pentsaezina zen garaietan, minutulariek paper garrantzitsua bete zuten gizartean, nahiz eta ez zaien behar beste erreparatu. Hori dela eta, Zarauzko Photomuseum Argazki eta Zinema Museoak gogora ekarri nahi izan ditu, haien inguruko erakusketa zabalduz. Erakusketa osatzeko orduan Durangoko Arte eta Historia Museoaren laguntza izan du Photomuseumek, eta bertan ikusgai jarri dituzten irudiak Jose Mari Uriarte argazkilari eta ikertzaile durangarrak urteetan bildutakoak dira. Bildumak kale-argazkilari ibiltarien jarduna eta ondarea hobeto ezagutzen lagunduko die bisitariei; otsailaren 17ra arte izango dute horretarako aukera. Erretratua, minutularien dekoratuetako batean (Photomuseum).  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide