Lou-ren azken 'jaialdia'

Aritz Mutiozabal 2013ko urtarrilaren 13a

Lou Olanguaren agurreko ekitaldia (Aritz Mutiozabal)   Ehun lagun inguru bildu da Getaria eta Zarautz arteko bigarren tunelean, OK Korral taldeko abeslari Lou Olangua agurtzeko ekitaldian. Familiako kideak eta lagunak Musika Plazan elkartu dira, 18:00ak aldean, eta jarraian, itsas pasealekutik oinez, hitzorduko lekura abiatu dira. Begiratokia oholtza bihurturik, txistuaren doinuak eman dio hasiera 'jaialdiari', baita euriak ere. Jarraian, The Ramones taldearen abesti bat jarri dute bozgorailutik, abeslaria gogora ekarriz. Iñigo Manzisidor Mantxi bertsolariak eguraldia bera ere "heriotzez tindatu" dela nabarmendu du, kantatu duen bi bertsoetako batean. Aldi berean, OK Korral taldearen Azken azal gorria abestia izan du aipagai. Bertsoen ostean, Agurra dantzatu dute abeslariaren errautsen aurrean, eta bukatzeko, errautsak zapi zuri-beltz batean jasota, itsasora bota dute OK Korraleko gitarrista Dani Ulaziak, Anestesia taldeko kide Mikel Kazalisen laguntzarekin. The Ramones taldearen beste abesti batek girotu du Une hunkigarria; Louis Armstrong tropeta-jolearen What a Wonderful World abestiaren egokitzapena, hain justu ere. Txaloak eta "Gora Lou!" oihuak ez dira falta izan ekitaldi osoan. Iñigo Manzisidor 'Mantxi' bertsotan (Aritz Mutiozabal). Mikel Kazalis eta Dani Ulazia, errautsak itsasora bota ondoren (Aritz Mutiozabal).  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide