OK Korral musika taldeko abeslari Lourdes Olangua hil da

Aritz Mutiozabal 2013ko urt. 12a, 12:46

Lourdes Olangua abeslari, OK Korral taldean.   Biriketako minbiziak jota hil da Lourdes Olangua, OK Korral musika talde zarauztarreko abeslaria. Azken egunetan pattal samar zebilela adierazi du taldeko gitarrista Dani Ulaziak erabat hunkituta: "Kolpe gogorra izan da, nahiz eta jakin bagenekien lehenago edo beranduago etorriko zela". Bere errautsak itsasora botako dituzte bihar arratsaldean, 18:30ean, Getariara bideko bigarren tunelean, familiakoek eta lagunek egingo dioten azken agurreko ekitaldi xumean. "Lagunen laguna zen. Bere heriotzaren berri emateko deiak egiten hasi garenean konturatu gara lagun pila bat zituela, bai musika mundukoak bai beste arlo batzuetakoak. Koadrila asko izan zituen", nabarmendu du Ulaziak. OK Korral taldea 1985ean sortu zen Zarautzen, eta rock-and-roll, rockabilly, folk eta countrya uztartuz, bi disko eman zituen argitara: O.K. Korral (Elkar, 1986) eta Beti gogor beti mozkor (Elkar, 1989). Gainera, euskal rockaren lehenengo emakume abeslarietakoa izan zen Lourdes Olangua. Taldea bigarren diskoa kaleratu eta gutxira banandu zen. Hala ere, berriz elkartu ziren 2005eko maiatzaren 20an, Arraio Irratiaren aldeko kontzertuan, Zarauzko Putzuzulo Gaztetxean. http://youtu.be/Y59opK1fsEE http://youtu.be/WnKiCWwe06w

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide