Raul Perez (Donostia, 1976) kazetariak Jacques Anquetil txirrindulari ospetsuaren biografia idatzi du, euskaraz, eta gaur aurkeztuko du liburua, Aizarnazabalen. Aizarnazabalgo Kirol Elkarteak antolatu du ekitaldia. Liburu biografikoaren inguruko azalpenak emango ditu Perezek, 22:00etan, gaztetxean. Interesa duenak aurkezpene- an bertan eros dezake liburua, zortzi eurotan. Eskualdean, berriz, Zarauzko Garoa liburu dendan ere eskura daiteke. Internetez ere eros daiteke, rapema24@gmail.com helbidearen bidez idazlearekin harremanetan jarriz.
Jacques Anquetil txirrindulariaren biografia idatzi duzu. Zergatik aukeratu duzu txirrindulari hau?
Egia esan, kasualitatea izan da. Duela urte batzuk Donostiako Liburu Zaharren Azokan Anquetilen inguruko liburu bat erosi nuen, baina ondoren, etxean, gorde egin nuen. Gero, irakurri nuenean, gustatu egin zitzaidan, eta konturatu gabe, haren inguruko liburu gehiago erosten hasi nintzen. Hala, ohartu nintzen nahikoa material banuela haren biografia idazteko, eta halaxe hasi nintzen.
Zergatik egiten zaizu erakargarria txirrindulari hau?
Ez dut arrazoi zehatzik. Frantziako Tourra bost aldiz irabazi zuen lehenengo txirrindularia izan zen, eta bere azken garaipena Euskal Herrian lortu zuen, 1969an Euskal Herriko Itzulia irabazi baitzuen. Bere biografia, eta oro har, liburua, Euskal Herriarekin harremantzen saiatu naiz.
Zer jaso duzu liburuan?
Bere bizitza pertsonala eta profesionala jorratu dut. Horrez gain, orduko txirrindulariak, bizimodua eta entrenamenduak bildu ditut.
Anquetilen maillota ere baduzu, ezta?
Bai, hala da, eta hori ere kasualitatea izan zen. Donostian aurkitu nuen, eta gustatu egin zitzaidan; horrexegatik erosi nuen.
Txirrindularitza zalea al zara?
Bai. Ibiltzen naiz txirrindularitzan, Tropela elkartean ere idazten dut noizean behin.
Liburua zuk editatu duzu. Zergatik aukeratu duzu argitaratzeko bide hori?
Egia esan, hala suertatu delako egin dut. Argitaletxeen ateak jo nituen, baina ez nuen erantzunik jaso. Egia esan, ez naiz ezaguna, eta txirrindularitza ez da, beharbada, oso gai interesgarria, oro har. Baina guztia idatzita nuen, eta pena ematen zidan bere horretan uztea. Beraz, aurrera egitea erabaki nuen. Halabeharrez izan da, beraz. Egia esan, nahiagoko nukeen norbaitek editatu izan balu, norberak egitea nekezagoa delako, besteak beste.