TS Fundicionesen Enpresa Batzordeko kideak eta zuzendaritza akordioa sinatzen gaur arratsaldean
Zestoako TS Fundicionesen akordiora iritsi dira Enpresa Batzordea eta zuzendaritza, eta hitzarmena sinatu dute. Hala, asteartean hasi zuten greba mugagabea bertan behera utzi eta astelehenean, urtarrilak 14, lanera itzuliko dira. Enpresa Batzordeko ordezkarien arabera, akordioarekin "Espainiako lan erreformaren aurrean lan hitzarmena blokeatu" eta gaur egungo lanpostu kopurua mantentzea lortu dute. Sinatutako hitzarmenaren arabera, gaur egungo lanpostuak bi urtez mantentzea adostu dute bi aldeek; langileek hiru urtez langilego kopurua mantentzea eskatzen zuen euren proposamenean. Horrez gain, Lana Erregulatzeko Txostena langile guztiei %33koa ezartzea erabaki dute, langileek eskatzen zuten %25ekoaren ordez. Baina, horren ordainetan aurtengo soldata eta aparteko lan sari guztiak egokitzen diren egunetan kobratuko dituzte langileek; langileek zuzendaritzari proposatutako akordioan aparteko lan sarietako bat atzeratzeko prest agertzen ziren. Kaleratzeko lehen boluntario aurkeztu eta orain atzera egin duten langileak ere onartu egingo ditu enpresak, akordioaren ondorioz.