Eskualdeko herrietan hika hitz egiteko joera dago. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Hika hitz egiteko joera oraindik bizirik da Urola Kostan. Dena dela, herritar askok jakin badakiten arren hika hitz egiteko zailtasunak izaten dituzte, ez dutelako egunerokoan erabiltzeko aukerarik. Hori dela eta, Urola Kostako Udal Elkarteak eta eskualdeko euskara zerbitzuek mintza-lagun programa antolatu dute, hitanoa baliatzeko urratsa egin nahi duten herritarrei zuzendua.
Ekimenak bi fase izango ditu. Lehenbizi,10 orduko ikastaro bat emango dute, eta ondoren hika hitz egiteko mintza-lagun programa abiatuko dute. Horrek astean behin hitanoa baliatzeko aukera emango du. Egitasmoaren helburua herritarrak hika erabiltzen hastea izango da.
Hika hitz egiteko aukera
Urola Kostako Udal Elkarteko Euskara teknikari Xabier Urdangarinek adierazi duenez, euskaldun berriak eta euskaldun zaharrak biltzen dituen Mintzalagun programaren harira bururatu zaie hika sustatzeko ekimena abian jartzea. «Mintzalagun programaren jarraipen bileretan behin eta berriz aipatu izan genuen hitanoarekin ere ahalegin bera egin zitekeela. Jende asko dago inguruan hika entzuten duena, eta gutxi edo gehiago hika hitz egiteko gai izango litzatekeena, barneratuta duelako, baina hitz egiten hasteko urrats bat falta zaiona», azaldu du euskara teknikariak. Hortik abiatuta, Mintzalagun progamarekin egiten den gauza bera egitea pentsatu zuten: hika ondo eta naturaltasunez egiten dutenak eta hika hitz egiteko urrats bat ematea falta zaienak biltzea.
Hika hitz egiteko mintza-lagun saioak lau astez antolatuko dituzte; otsailaren 25etik martxoaren 22ra, hain zuzen ere. Astean 90 minutuko saio bat izango da, eta bertan parte-hartzaileek binaka hika hitz egiteko aukera izango dute.
Prestakuntza ikastaroa
Mintza-lagun programa hasi aurretik, ordea, eskualdeko euskara zerbitzuek beharrezkoa ikusi dute hika hitz egiten hasteko urrats bat ematea falta zaien herritarrei prestakuntza ikastaroa ematea. Hori dela eta, 10 orduko ikastaroa antolatu dute, bi orduko bost saiotan banatuta; ostegunetan izango dira saioak Zarauzko Udal Euskaltegian, 18:00etan edo 18:30ean hasita. «Badago jendea betidanik etxean edo kalean hika entzun duena, eta segurtasun faltagatik hika hitz egitera ausartzen ez dena. Pertsona horiei zuzendua dago ikastaroa», azaldu du Urdangarinek. Hika ikastaroan parte hartzen dutenek, alde batetik hitanoa zein egoeratan erabiltzen den landuko dute. Eta bestetik, adizkien errepaso bat ere egingo dute, gramatika arauak gogoratuz. «Izaera praktikoa izango du ikastaroak. Erabilera okerrak zein diren nabarmenduko da lehenengo, eta forma zuzena erakutsi gero», zehaztu du euskara teknikariak.
Zenbait oker
Urola Kostako euskara zerbitzuek hitanoaren erabileraren inguruko datu zehatzik ez badute ere, hainbat ahulgune identifikatu dituzte. «Alde batetik, jakin badakigu hika gehiago egiten dela gizonen artean emakumezkoen artean baino. Gainera, antzeman dugu erabilerari dagokionean hainbat akats egiten direla. Mutil gazteen artean, esaterako, neskei mutilen hika egiteko joera zabaltzen ari da. Horretaz gain, menpeko esaldietan ez dagokionean ere hika egiteko ohitura badago. Ildo horretan badaude zuzendu beharreko hainbat oker», azaldu du Udangarinek.
Izena emateko bideak
Hitano ikastaroan eta mintza-lagun ekimenean izena eman nahi dutenek hurrengo bideak dituzte. Alde batetik, Urola Kostako AEKn, 943-13 01 75 telefono zenbakira hots eginda, edo
urolakosta@aek.org helbidera idatzita.
Eta bestetik, Urola Kostako Udal Elkarteko Euskara Zerbitzuan, 943-890808 telefono zenbakira deituta edo
euskara@urolakosta.org helbidera idatzita.