Julene Azpeitia Ipuin Lehiaketako lanak irakur daitezke irakurgailuetan.
Abendua hasieran, Euskararen Eguneko jardueren baitan, Julene Azpeitia Ipuin Lehiaketako sariak banatu zituzten. Urteurren biribila bete du aurtengo sariketak, hogeitabosgarrenez antolatu baitute. Gauza handia zela iritzita, edizioz edizio saritutako lan guztiak –70 ipuin, guztira– digitalizatu eta sarean zintzilikatu ditu hainbat formatutan, ahalik eta zabalkunde handien emateko.
«Iaz literatur lehiaketaren 25. urteurren ospatzen genuela ikusita, zerbait diferentea egin nahi genuen, eta hori ospatzeko egokia iruditu zitzaigun urte luze hauetan saritu diren ipuinak jendearen eskura jartzea, modu erraz eta eroso batean», adierazi du Udaleko euskara teknikari Josune Herrartek. Saritutako lanak liburuxka batean ematen dituzte argitara urtero-urtero, baina garai bateko bilduma gehienak banatuta eta agortuta daude. «Norbaitek duela 15 urte saritutako ipuin bat lortu nahi bazuen, orain arte nahiko zaila zeukan. Hori horrela, egungo garai modernoetara egokitu dugu lehiaketako materiala, eta hemendik aurrera ere, bide hori jarraitu nahi dugu».
Digitalizatutako ipuin guztiak
zumaia.net/juleneazpeitia wegunean jarri dituzte eskuragarri, aukerazko hiru formatutan: PDFan, ordenagailuan ikusi edo inprimatu ahal izateko; MOBIn, Kindle irakurgailuetarako; eta EPUBean, gainerako irakurgailuetarako. Egun merkatuan dauden irakurlagailu eta euskarri digital guztietara iristea du xede Udalak. Ipuinak banan-banan jaitsi daitezke, aukeratu ahala, baina, nahi izanez gero, guztiak batera jaisteko aukera ere ematen du.
Ipuin sarituez gain, Julene Azpeitiaren biografia eta Ehun urte mugan biografia eskura daitezke webgunean. Halaber, literaturlehiaketako argazki bilduma jarri dute erakusgai.