Jokin Argote: «Momentu gaziak baino, une gozoak ditut gogoan azkenean»

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko urtarrilaren 10a

Jokin Argote (Getaria, 1982) pilotariak erretiroa hartu behar izan du. Zortzi hilabete zeraman jokatu gabe eskuko fibrosi baten ondorioz, eta azkenean pilotalekuak uztea erabaki du. Bere ibilbideaz eta pilota munduaz jardun du UROLA KOSTAKO HITZA-rekin. Zortzi hilabetez jokatu gabe egon ostean, erretiratzea erabaki duzu. Etsi-etsian hartutako erabakia al da? Zortzi hilabete dira jokatu ez dudala, baina arazoak lehendik izan ditut. 2011n jokatu nuen azken partida, abenduaren 31n. Pelotari ematerakoan mina sentitu nuen, baina partidarekin jarraitzea erabaki nuen. Nahiko gaizki amaitu nuen. Ohikoa denez, hasieran ez nion garrantzi handiegirik eman. Hurrengo astean  Bigarren Mailako Txapelketa hasi zen, eta ezin izan nuen lehenbiziko partida jokatu, mina sentitzen nuelako. Eskuari atsedena eman eta osatzen saiatu nintzen orduan. Gerora, txapelketa horren baitan beste bizpahiru partida jokatu nituen. Eskua nahiko gaizki sentitzen nuen, ordea, behartu egin nuelako eta ez niolako ongi sendatzen utzi. Martxo aldera medikuarekin hitz egin nuen, eta hainbat probaren ostean, fibrosia nuela esan zidan. Infiltratzea erabaki genuen orduan. Emaitzarekin oso gustura geratu nintzen, eskuak entrenatzerakoan ez baitzidan minik ematen. Lehian jarraitu nuen hala, apirilean azken partida jokatu nuen arte. Infiltrazio horren efektua pasatu egin zen nonbait, eta berriz ere mina sentitzen hasi nintzen. Konturatu nintzen hasieran baino okerrago neukala eskua. Ordutik mila proba egin ditut, askotan joan masajistarena, askotariko teknikak probatu ditut.... Baina ezin izan dut eskua osatu. Horren ondorioz, nire ibilbidea amaitu egin da. Denbora luzea egin duzu eskua kaltetuta. Alde horretatik, egoera onartuta al zeneukan? Bai, nik uste erabakia aspalditik neukala garbi. Denbora dezente egin dut eskua minduta; nire ingurukoek ere bazekiten minagatik ezin nuela ezta entrenatu ere egin. Alde horretatik, nahiko erreta egon naiz; pilota ikusteko gogorik ere ez neukan. Osatze aldera, gauza pila bat egin nituen emaitza onik jaso gabe, eta azkenean frustazio puntu batera iritsi nintzen. Gerora, erabat asimilatu nuen nire egoera. Hori dela eta,  Asegarceko ordezkariekin hitz egin  eta kontratua etetea erabaki dugu—2013ko martxora arte zuen kontratua sinatuta—. Sei urte  eta erdiko ibilbidea izan da zeurea. Zein balantze egiten duzu? Oso ona. Urte hauetan izugarri gozatu dut, profesionalen mundua barrutik ezagutzeko aukera izan dut eta gustura nago lortu dudanarekin. Izan ere, hasiera batean uste baino urrutirago iritsi naiz. Txapelketa ugaritan hartu dut parte, baita final askotan  ere. Txapel bat edo beste ere irabazi dut. Nik uste baino ibilbide oparoagoa izan dut eta oso gustura nago alde horretatik. 23 urterekin debutatu zenuen. Aukera berandu iritsi zitzaizula uste al duzu? Normalean pilotariek lehenago debutatzen da, bai; enpresak pilotari gazteei jartzen diete arreta. Orduan Julian Retegi zen Asegarceko kirol zuzendaria eta badirudi gustatu egin zitzaiola pilotan aritzeko nuen modua. Hala, profesionaletan aritzeko aukera eman zidan. Hasiera zaila egin al zitzaizun? Bai, maila ez ote nuen emango beldur nintzen hasieran. Punta-puntako pilotariekin jarduten nuen eta izugarrizko maila zutela  ikusi.  Horrek beldurra ematen du. Hasiera oso ona izan nuen, ordea, eta haien parean ikusi nuen nire burua. Lehenbiziko urtean txapela lortu nuen, gainera, eta izugarri gustura jardun nuen. Sei urte eta erdian une gozoak eta gaziak izango zenituen. Une gaziak gehienbat lesioengatik izan dira. Fibrosiaz gain, beste hainbatetan ere izan dut minduta eskua. 2009an, esaterako, behatz batean ebakuntza egin zidaten, zirkulazio arazoengatik. Kirol ikuspegitik, ordea, porrotak ez dauzkat une gazitzat. Banakako txapelketaren batean txapelik irabazi ez izanak ematen dit pena handiena, agian. 2009an lehen mailara igotzeko aukeraren atarian geratu zinen. Arantza gelditu al zaizu? Arantza ez. Egia esan, gustatuko litzaidake lehen mailan parte hartzeko aukera izatea, baina egindakoarekin oso gustura nago, harro. Une gaziak baino, gozoak ditut gogoan. Jendeak asko babestu nau, eta horrek poz handia ematen dit. Erretiratu zaren arren, jarraituko al duzu pilota munduan murgilduta? Oraingoz ez.  Pilotan aritzea asko gustatu izan zait beti, baina ez dakit noiz izango naizen  jokatzeko gai. Afizionatu mailan ibiltzeko  ere nahiko lan izango dudala uste dut. Lagun artean-eta jokatuko dut, eskuak uzten didan artean. MOTZEAN
  • Pilotaleku bat.  Iruñeako Labrit. Partida asko jokatutakoa naiz bertan, eta izugarri gustatzen zait frontoi hori.
  • Bikotea.  Ezingo nuke bat aukeratu.  Julen Retegirekin bi txapel irabazi nituen, baina jende askorekin jardun dut gustura pilotan. Lagun ugari egin ditut, eta harreman ona izan dut askorekin.
  • Aurkari gogorrena.  Asko izan ditut; pilotari oso onen kontra jokatzeko aukera izan dut. Asegarceko pilotariekin zein haien aurka jardun dut. Alde horretatik, beste enpresetakoekin lehiatu ez izana  faltan eman dut, Juan Martinez de Irujo, Abel Barriola edota Yves Salaberri Xala-rekin, esaterako.
  • Pilotari gogokoena. Bi ditut: Ruben Beloki eta Aimar Olaizola Olaizola II.a. Txiki-txikitatik gustatu izan zait Beloki, eta harekin lehiatzeko aukera ere izan dut. Oso momentu polita izan zen hori niretzat. Olaizola II.a-rekin jokatzeko aukera ere izan dut.  Oso gogor dabil egun;onena dela erakusten ari da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide