[caption id="attachment_54353" align="aligncenter" width="300"]

Langileak atzo, greba mugagabearen lehen egunean,Arroako plantaren atarian (Nerea Uranga/Urola Kostako Hitza)[/caption]
Zestoako TS Fundiciones enpresako langileak greba mugagabea hasi zuten atzo, baina zuzendaritzarekin biltzen segitzen du Enpresa Batzordeak egunotan; eskaintzak trukatuz, negoziatuz. Atzo langileek proposamen bat helarazi zieten enpresako buruei, besteak beste, gaur egungo lanpostuei eustea ahalbidetuko duen akordioa proposatuz. «Gaur egungo Lana Erregulatzeko Txostenak jasotzen duen lanpostu kopurua mantentzeko hitzarmena egitea eskatzen diogu enpresari, txostenak irauten duen bitartean eta hura bukatu ondorengo bi urteetan. Hala, epe horretan, arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edota ekoizpenekoak tarteko, inolako lan kontraturik ez etetea jasotzen duen akordioa sinatzea da galdegiten dieguna», zioten atzo Enpresa Batzordeko kideek zuzendaritzarekin zuten bilerara sartu aurretik. TS Fundiciones-eko Enpresa Batzordea ELAko bederatzi ordezkarik, LABeko zazpik eta UGTko batek osatzen dute.
Atzo hasi zuten greba mugagabea TS Fundiciones-eko langileek. Gaur egun 180 langile ditu. Gabonetako oporraldiaren aurretik lau egunez egon ziren greban TSko langileak, kaleratzeen eta murrizketen kontra. Astelehenera arte oporrak izan dituzte, eta atzo aurtengo lehen lan eguna zuten arren, greba mugagabeari ekin zioten.
Atzo goizeko 07:30etik aurrera TSko langileak Arroako plantaren aurrean bilduta egon ziren. Enpresara sartzeko ate guztiak kateekin lotu zituzten, sarbideak itxiz. Eguerdiko hamabiak aurretik, langileen asanblada egin zuten tailerraren atarian bertan. Zuzendaritzari proposamen bat aurkeztea erabaki zuten langileek. 12:00etan enpresako buruekin biltzera sartu ziren Enpresa Batzordeko kideak.
Herenegun ere bildu ziren TSko bi aldeak, baina ez ziren akordiora iritsi. Orduan, enpresak proposatutakoa, soldatak %10 jaistea eta urte osorako %33ko Lana Erregulatzeko Txostena ezartzea izan zen. Langileek aurretik jasotako proposamenetatik aldea zegoela ikusi zuten arren, ez zela nahikoa esan zioten buruei.
Atzo eguerdian langileak izan ziren proposamena idatziz enpresako buruei aurkeztu ziotenak. Bertan, lanpostu kopurua mantentzeko konpromisoa hartzeko eskatu zioten zuzendaritzari. Horrez gain, aurtengorako langile guztiei eragingo dien %25eko Lana Erregulatzeko Txostena onartzeko prest azaldu ziren langileak.
Bi aldeen arteko eguerdiko bilkuran langileen proposamenaz aritu ziren. Zuzendaritza langileen eskaera aztertzeko prest azaldu eta gero proposamenaren gaineko beste eskaintza bat egitekotan gelditu zen, Enpresa Batzordekoen arabera. Nagusien eskaintza atzo arratsaldean jasotzekotan ziren langileen ordezkariak, eta gaur euren asanbladan aztertuko dute, onartu edo ez.