Diabulus In Musica boskotea (Natalia Mora).
Fernando Morillo idazleak eta Xanti Rodriguez argazkilariak elkarlanean sortutako
Itzalen sua Sanagustin kulturguneko taula gainera eramango du Diabulus In Musica talde iruñearrak. DVD-liburuari soinu-banda jarri dio boskoteak, eta etzi ariko da zuzenean, 21:30etik aurrera; aurretik, 19:00etan, proiektua aurkeztuko dute. Emanaldiaz ez ezik, proiektuan parte hartzearen esperientziaz aritu da Zuberoa Aznarez (Iruñea, 1980) abeslaria. Hona hemen biharko egunkarian argitaratuko den elkarrizketaren aurrerapena:
DVDko soinu-bandara mugatuko al zarete kontzertuan ala zuen beste abestiak ere joko dituzue?
Emanaldia bi zatitan banatuta egongo da. Lehenengoan, Itzalen sua-ko abestiak joko ditugu eta bigarrenean, berriz, gure bi diskoetako abestiak. Ez dugu kontzertu hutsa eskainiko, baizik eta Fernando Morillok idatzitako istorioaren inguruko ikuskizuna. Beraz, istorioa liburuko pasarteen irakurketarekin eta abestiekin kontatuko dugu, eta, era berean, istorioko irudi guztiak proiektatuko ditugu. Durangoko Plateruena Kafe Antzokiko aurkezpen emanaldian, gainera, Oihana Maritorena aktoreak dantza egin zuen. Kontzertua baino gehiago kontzeptu bat da; irudia, musika eta literatura uztartzen dituen kontzeptua, hain zuzen ere.
Ikuskizun berezia izango da, orduan. Orain arteko saioek zer-nolako harrera izan dute?
Plateruenakoa izan da eskaini dugun bakarra, eta, egia esan, oso pozik geratu ginen. Jende askorik ez genuen izan; nolabait ere, liburua oraindik atera gabe zegoen, eta oihartzun handirik ez zuen izan. Baina gerturatu zirenak oso gustura geratu ziren. Bestelako kontzertu mota bat izatea baloratu zuten. Gainera, istorioan bete-betean sartu zirela adierazi zuten. Azken finean, hori da gure ideia.
http://youtu.be/yd17f21f58s