Iñaki Osa Goikoetxea nagusitu da Miamin bukatu berri den udako zesta-punta denboraldian. Txapelketa abuztuan hasi bazen ere, Goikoetxeak irailera arte Euskal Herrian jokatzen ibili zen eta hilabeteko desabantaila ekin zion jokoari. Hala ere, aipatutako desabantailari buelta eman eta titulu garrantzitsuenak irabazteko gai izan da zumaiarra. Most Wins edo Sailkapen Orokorrean lehena izan da, guztira 133 kiniela irabazita. Zumaiako gainerako pilotariei dagokienez, Beñat Flores seigarren geratu da sailkapen orokorrean; Imanol Lopez zortzigarren; Unai Zinkunegi hamargarren; eta Luis Osa 21garren. Aizarnazabalgo Ruben Gonzalez Aizarna-k hogeigarren postua eskuratu du.
Iñaki Osa Goikoetxea garaikurrarekin.Buruz Buruko titulua irabazi du aurten Goikoetxeak, erraz irabazi ere. Singles Championship deritzon txapelketan 38 garaipen lortu ditu Zumaiako aurrelariak, bere herrikide Lopezek baino bikoitza pasatxo. Lopez bigarren geratu da 18 kiniela irabazita eta hirugarren lekua Aritz Erkiaga bizkaitarrarentzat izan da, 15 garaipenekin. Lopezek, Goikoetxeak bezala, hilabete gutxiago jokatu du Miamiko denboraldian, hau ere Euskal Herrian izan baita uda partean, Irastorza lapurtarrarekin batera.
Binakako Txapelketan (Doubles Championship), Goikoetxeak ezin izan du Aurrelari Onenaren titulua eskuratu eta bigarren tokiarekin konformatu behar izan du. Izan ere, 29 garaipenekin Erkiaga izan da titulu hori lortu duena eta zortzi kiniela gutxiago lortu ditu Iñaki Osa Goikoetxeak. Sailkapena ikusita, ez da zaila imajinatzen Erkiaga eta Goikoetxearen artean azkenera arte izango zen lehia estua, biek funtzio kopuru bera jokatu izan balute. Hala ere, Erkiagari meritua kentzerik ez dago, gaur gaurkoz eta binaka, Goikoetxearen pareko jokoa baitu Miamiko frontoian. Aurrelarien artean hirugarren, Alex Rekalde markinarra geratu da 16 garaipen lortu ondoren.
Binakako Txapelketan, Atzelarien titulua lortzerik izan ez duena Imanol Lopez izan da. Zumaiarra ez da bere mailarik onenean ibili eta horri abuztuko funtzioak jokatu ezin izana batuta, ezinezkoa izan da Lopezentzat atzelarien tituluaren lehian sartzea. Manu Ladutxe gazte lapurtarrak ezustekoa eman eta titulua eskuratu du 25 kiniela irabazita. Irastorza bigarren izan da 21ekin eta Lopez hirugarren 17rekin.