TS Fundicioneseko langileek bihar greba mugagabea hasiko dute

Nerea Uranga 2013ko urtarrilaren 7a

TS Fundicioneseko langileek bihar greba mugagabea hasiko dute. Zuzendaritzak egindako azken eskaintzei uko egin diete eta lanuzteari heltzea erabaki dute langileek. Gaur eguerdian bildu da Enpresa Batzordea enpresaren buruekin, bain aez dira akordiora iritsi. Gaur zuzendaritzaren aldetik langileen ordezkariek jasotako proposamena honakoa izan zen: soldatak %10 jaistea eta urte osorako %33ko Lana Erregulatzeko Txostena ezartzea langile guztiei. Horiez gainera, "borondatez" 22 langile kaleratuko dituzte: borondatez utziko dutenak eta erretiroa aurrez hartuko dutenak daude kaleratuen artean. Gaur, hiru ordu inguru egon dira bilduta bi aldeak, baina ez dira ados jarri. Langileek ez dute onartu enpresaburuek egindako eskaintza, eta bihar greba mugagabea hasiko dutela berretsi dute. Langileen ordezkari sindikalen arabera, «dagoeneko, aurreko txosten batzuen ondorioz langabeziari batez beste 250 egun jan dizkio langile bakoitzak, eta orain beste txosten bat ezarri eta gainera soldata jaistea sakrifizio handia litzateke langileontzako». Langileek eskatzen dutena da, «kaleratze traumatikorik ez egotea eta lan baldintzak mantentzea». TS Fundicioneseko langileen ordezkariek zuzendaritzarekin negoziatzen segitzeko asmoa dutela azaldu dute, eta bihar ere berriro biltzeko aukera dutelakoan daude.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide