ZISKE Zumaiako Itzurun Surf Kirol Elkarteak bideo laburren lehiaketa jarri du abian, elkarteko kide Roberto Fuentes surflariaren ekimenez. «Aspalditik neukan buruan horrelako zerbait antolatzeko ideia, herrian jende asko aritzen baita surfeko ikus-entzunezkoak grabatzen», nabarmendu du. Fuentes ikus-entzunezkoen zalea da, eta bere sormen lanak hainbat alditan saritu dituzte Donostiako Surfilm Festibal jaialdian. «Orain, herri mailan antzerako zerbait antolatzera animatu naiz. Urtean zehar, bideo emanaldiak antolatu izan ditugu herriko taberna batean, eta, hori horrela, lehiaketa txiki bat egitea ongi egongo litzatekeela pentsatu nuen».
ZISKEko kide Roberto Fuentesen ekimenez, bideo-laburren lehiaketa antolatu dute.Surf elkarteak antolatutako egistamoa izaki, surfa izango dute oinarri lehiaketara aurkeztutako bideo-sormenek. «Surfeko lanak nahi ditugu, bai, baina baita bodyboardekoak ere. Asko dira kortxoarekin jarduten dutenak. Oro har, olatuekin lotura dutenak hartuko ditugu kontuan. Itsasoa ere izan zitekeen lehiaketako gaia, baina hor arrantza ere sartuko litzateke, eta ez dugu horretara bideratu nahi. Beraz, surfa, bodyboarda eta olatuak erakusten dituzten lanak onartuko ditugu».
Bultzada eman nahian Helburua herriko jendeari beren lanak erakusteko aukera ematea da. Erakusleiho izatea, alegia. «Jakin badakigu zaletu asko dagoela, bere kabuz grabatzen ibiltzen dena, baina, gero, ez dakit zergatik, ez dituzte erakusten», harritzen da Fuentes: «Lehiaketaren bitartez, jendea kamera hartzera bultzatzeaz gain, beren sorkuntzak erakustera animatu nahi ditugu». Izan ere, askok etengabe grabatzen dute, baina ondoren ez dute editatzeko eta muntatzeko astirik hartzen. «Orain, lehiaketaren aitzakiarekin, bultzada hori eman nahi diegu».
Sortzaileek Spot dendan aurkeztu beharko dituzte lanak, otsailaren 25a bitartean. Ikus-entzunezkoak DVD euskarrian joan beharko dute, eta gehienez ere bost minutuko iraupena izango dute. Jasotako bideo guztiekin erakustaldi ekitaldia egingo dute martxoaren 1ean, Tximista tabernan. «Urtero Neguko Festa antolatzen dugu taberna horretan, bideo-emanaldiekin. Aurten, lehiaketa ere egingo dugu», jakitera eman du Zumaiako surf elkarteko kideak. Jaialdian bertan erabakiko dituzte irabazleak eta banatuko dituzte sariak.
Epaimahaia surf elkarteko jendeez gain, ikus-entzunezko esparruan eskarmentua duen norbaitek osatzea gustatuko litzaieke antolatzaileei. Oraindik zehazteke duten arren, anitza izateari eman nahi diote garrantzia. Izan ere, ez dute lehiaketa kirol erakustaldietara mugatu nahi. «Fikzioa ere ikusi nahiko genuke. Surfa eta bodyboarda aitzaki hartutako istorioak, alegia». Elkarrizketa bat, abentura edo bidaia baten kronika, erokeria bat... Lehiaketaren gaiarekin bat badator edozer aurkeztu ahalko dute sortzaileek.
Hainbat atal, hainbat sari Sariak lau ataletan banatu dituzte. Alde batetik, epaimahaikideen erabakitakoa eta, bestetik, ikusleek bozkatutako. Horrez gain, tubo onena eta maniobra onena aurkezten dutenentzat sari bana emango dute, bai surf modalitatean bai bodyboard modalitatean. «Beharbada, batzuek ez dute kontatzeko moduko istoriorik izango, baina bai olatu eder batean egindako saioa. Hori horrela bada, sariren bat lortzeko aukera ere izan dezakete».
Tubo eta maniobra onenaren saria lortu ahal izateko, gainera, baldintza zehatza finkatu dute antolatzaileek: «Surflariak edo bodyboarderrak zumaiarra izan beharko du. Ez digu balio hawaiiar bati grabatutakoa zerbait. Protagonista herritarra behar dugu. Beste kategoriatan, epaimahaiarenean eta ikuslearenean, berdin da egileak zumaiarrak diren ala ez».
Egitasmoak jarraipena izatea gustatuko litzaiekeela dio Fuentesek. Ez dute saiakera hutsean geratu nahi. «Egia esan, ez dakigu zer-nola aterako den. Ikusi egin beharko dugu zenbat jendek hartzen duen parte . Horren araberakoa izango da».