Baigera elkarteak talde bat sortu du, gizarte arloa sakonago jorratzeko

Nerea Uranga 2013ko urtarrilaren 4a

Azpeitiko Baigera Erretiratuen Elkarteak aisialdirako lanean segituko du orainarte bezalaxe, baina gizarte alorrean sakontzeko eta lan egiteko lan talde berria sortu du, eta orain herritarren parte hartzearekin indartu nahi du eginkizun hori. Murrizketa sozialei aurre egitea dute helburu. «Baigeraren baitan betetzen ez zen hutsune bat zegoela ikusten genuen, batik bat elkartetik lana aisialdirako egiten zelako. Jubilatuon eginkizuna arlo guztietan aritzea dela uste dugulako, gizarte arloa lantzeko talde berria sortu zen Baigeran», adierazi du Pedro Mendoza Baigera Erretiratuen Elkarteko presidenteak. Maria Jesus Arregi da gizarte arloko lan taldean ari denetako bat. «Gu orain dela lau urte hasi ginen Baigeran. Elkartearen estatutuetan aisialdiaz gain gizarte arloko gaiak lantzea aipatzen zen, eta ohartu ginen gizarte arloko gaietan ez genuela sakontzen». Hala, gizarte arloari heldu nahian, inguruko herrietako erretiratuen elkarteetako kideekin harremanetan jarri, eta haiekin biltzen hasi ziren Baigerakoak. Egun Baigeraren baitan bi talde ari dira lanean, eta gai sozialak landuko dituen taldea indartu nahi dute. Hilean behin elkartzen dira taldeko kideak. Haiekin bat egin nahi duenak Baigera Erretiratuen Elkartera informazio eske jo besterik ez duela aurreratu dute kideek. Bulegoak astelehenetik ostiralera egoten dira zabalik, 10:30etik 12:30era. Ekimena herrira zabalduz Baigerako gizarte arloko taldeak lanean hasteko, zeregina oinarri hartuta eta dituzten helburuak ezarriz dokumentu bat atera dute. San Tomas egunez hasi ziren herrian zabaltzen. Murrizketa sozialen aurrean Baigeratik zer egina badagoela uste dute. Hala azaldu zuen taldekideetako batek, Imanol Agirrek: «Badirudi jubilatuz gero ez dugula ezertarako eskubiderik. Alegia, gureak egin duela. Horrela, adinekook giza talderik ahulena osatzen dugu, mundu produktibotik at, unean uneko gobernuek ezartzen dizkiguten politika neurrien menpe». Eta gehitu: «Ez dugu ez baliabide eta ez esparru propiorik geure iritzia adierazteko eta kontsulta nahiz negoziazioak aurrera eramateko». Azken belaunaldiek hainbeste kostata lortutako eskubide politikoak eta sozialak «gainbeheran» daudela salatu dute. «Hezkuntza politika atzerakoia ezartzen ari dira, osasungintza unibertsala baztertzen, menpekotasun estaldurak kentzen zein pentsioak eta gizarte laguntzak murrizten ari dira. Gure pentsioak, duinak izan ordez, jubilatzen garen lehen egunetik degradatzen hasten dira». Lanerako helburuak jarrita Murrizketa sozialen aurrean, Baigerako gizarte arloko taldeak lanean hasterako helburu batzuk jarri ditu. Beraz, adinekoen beharrak aztertu eta bideratzeko lanari ekingo diote. Horrez gain, zalantzak argitzeko zerbitzu juridikoa eskaintzea ere helburu dute. Ongizate eta gizarte laguntza bultzatzen egingo dute lan, erabiltzen diren politika publikoen jarraipena eginez. Beharrezko dituzten baliabideen analisia egiteko asmoa ere badute Baigerakoek, eta herriko erretiratuen egoeraren berri emateaz gainera, herritarren kontzientziazioa lortzeko saioak antolatu nahi dituzte. Horrez gain, adinekoen interes defentsarako gizarte osoaren laguntza bilatuko dute, eta labanes politiko, ekonomiko eta sozialak eskuratzeko, sortzeko eta bultzatzeko lan egingo dute. Jabetzeari buruzko hitzaldiak hasiko dira astelehenean, Baigera I-eko aretoan Baigera Erretiratuen Elkarteak hil honetarako eta datorrenerako jabetzeari buruzko hitzaldiak eta tailerrak antolatu ditu adinekoentzako. Hitzaldi saioetako aurrena astelehenean izango da, 16:00etan, Baigera I-eko hitzaldi aretoan. Zergatik beldurtzen gaitu zahartzeak gai hartuta izango da asteleheneko saioa, elebitan. Hizlari, Beatriz Irasuegi psikopedagogoa ariko da. Hurrengo bi hitzaldiak urtarrilaren 14an eta 31n izango dira. Otsailerako, berriz, elikadura energetikoari buruzko tailerra antolatu dute, Silvana Huegun dietistarekin. Tailerrean parte hartzeko aurrez Baigeran izena eman behar da eta bertan parte hartzeko 5 euro ordaindu beharko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide