Corrugados Azpeitian urtarrilaren 15a arte oporrak

Urola Kostako Hitza 2013ko urt. 4a, 08:28

Corrugados Azpeitiako langileak hilaren 15a arte oporretara Sei hilabete eta erdi greban egon ondoren, gaur lanera itzuli dira Corrugados Azpeitiako langileak, baina urtarrilaren 15a arte oporrak eman dizkiete. Zuzendaritza datorren asterako bilera bat antolatzen ari da erakundeetako ordezkariekin eta Enpresa Batzordearekin, hori jakinarazi zien atzo Gallardo Taldeko zuzendaritzak langileen ordezkari sindikalei. Gaur goizeko 07:30ean elkartu dira herriko plazan Corrugadoseko langileak, greba bertan behera utzi eta lanera joateko. Hotz galanta egiten zuen. Manifestazioan joan dira Azpeitiko plazatik Landetara, enpresaren sarrera nagusira. 07:57ak inguruan iritxi dira enpresaren atarira, zero gradu markatzen zituen enpresaren atariko termometroak. Ordurako, enpresako bulego batzutan argia piztuta ikusten zen, eta sarrera nagusiko ateak zabalik zeuden. Kaletik etorri bezalaxe, pankarta aurrean hartuta sartu dira langileak enpresa barrura. Han, ordu laurden inguru langile guztiak bilduta egon dira eta 08:15ak aldera kalera atera dira, oporrak eman dizkietela esanez. Ondoren, Enpresa Batzordeko LABeko Esteban Kanposek eta ELAko Imanol Arrojeriak azalpenak eman dituzte bertan bildutako hedabideen aurrean. Urtarrilaren 15a arteko oporrak eman dizkietela eta hori langileei azaltzera enpresako inor ez dela azaldu kritikatu dute Enpresa Batzordekoek, "nagusietako inor ez da azaldu langileei azalpenak ematera eta hamar eguneko oporrak dituztela esatera". Langile bakan batzuk gaurtik hasiko dira lanean, "paper kontuak egiteko eta segurtasuneko mantenu lan batzuetarako", esan dute langileen ordezkariek. Horrez gain, datorren asterako bilera bat antolatzen ari direla esanez atzo mezu bat jaso zutela azaldu dute langileen ordezkariek, "telefonoz eta posta elektronikoz jaso dugun mezu sinple batez azaldu digute hori". Batzarra zuzendaritza, Enpresa Batzordea eta erakundeetako ordezkarien artean egiteko asmoa dute buruek. Corrugados Azpeitiako langileek "negoziazioaren mesedetan" utzi dute greba.      

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide