Oposizioa kontuan izateko eskatu dio EAJk Guruzetari

Urola Kostako Hitza 2013ko urtarrilaren 2a

Urola Kostako EAJko  bozeramaileek Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Guruzetari (Bildu) eskatu diote «bere kabuz erabakiak hartzeari» uzteko eta «gainerako alderdiak» kontuan hartzeko. «Azken hilabeteotan pisu handiko neurriak hartzen ari dira inolako gardentasunik eta eztabaidarik gabe. Ezin da udal elkarte bat norberaren koto pribatua balitz bezala kudeatu», salatu dute. Adierazi dutenez, legealdia hasi zenetik, Guruzetak lau aldiz baino ez du Zuzendaritza Batzordea deitu; uztailaren 3an bildu zen azkenekoz.  EAJren arabera, Batzar Nagusia ere bi aldiz baino ez da bildu, azkenekoa abenduan: «Hori horrela, gaur egun 2013 urteko aurrekontuaren zirriborrorik ere ez dugu, azken legealditan sekula gertatu ez dena». EAJrentzat «aurrekaririk gabeko egoera» da aipatutakoa:  «Zuzendaritza Batzordea eta Batzar Nagusiak dira udal elkartean alderdiak eta eskualdeko herriak ordezkatzeko eta hartu beharreko erabakiak eztabaidatzeko tresna. Organu horiek kontuan hartu gabe gobernatzeak kultura demokratiko falta handia eta alderdi horietan ordezkatutako Urola Kostako herritarrekiko errespetu falta erakusten du. Porrota besterik ez du ekarriko funtzionatzeko modu horrek». Hala, «oso larritzat» jo dute ezker abertzalearen jarrera: «Oso larria da hain zuzen betidanik partehartzeaz hitz egin duenak gainerako alderdiei partehartze eskubidea ukatzea, are gehiago Mankomunitateko estatutuek argi eta garbi uzten dutenean Zuzendaritza Batzordeak bi hilabetean behin bildu behar duela». Ezohiko batzarra Guruzetak «herritarrei eragiten dieten erabaki garrantzitsuak» hartu dituela salatu du alderdiak, «inolako babesik gabe». «Lehendakariak dekretu bidez kudeatzen du mankomunitatea eta horrek erabateko iluntasuna dakar», diote. Erabaki horiek, ordea, «akordioan eta kontsentsuan» oinarrituta egon behar dute, «dagokion organuaren bidez eta ez inposaketaren bitartez». Besteak beste, hondakinen kudeaketa, enplegu plana eta foro soizoekonomikoaren auziak «argitzeke» daudela salatu dute, eta baita aurrekontuena ere: «Ez daukagu aurrekontuen hasierako zirriborro bakar bat ere. Ez digute esan zein izango den 2013ko isurketa tasa Urtetan, zenbat zabor iristen ari den Bizkaitik, eta nola eragingo dion horrek zabortegiarei. Ez dakigu zer egiten ari diren onartu zituzten euskararen brigadak ezta zeintzuk izan diren udako turismo datuak ere». Horrenbestez, Guruzetari jarrera zuzendu eta Zuzendaritza Batzordea lehenbailehen dei dezan adierazi diote, idatziz. «2013an gauzak ordezkari guztion artean adostu genituen moduan egin daitezen», esan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide