Zinema komertziala ere hartuko du Modelo aretoak aurrerantzean

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko urtarrilaren 3a

Skyfall filmeko irudi bat Modeloren lagunak taldea sortu dute herritar batzuk, duela gutxi ateak zabaldu dituen aretoan film komertzialak emateko asmoarekin. Herria biziberritzea dute xede taldekideek. «Zarautz logela herri bilakatzearen mamua urrunaraziz, gure herriko kaleak bizirik eta giroturik mantentzea da gure helburua», adierazi zuen Arantxa Berazadik irabazi asmorik gabeko taldeareen aurkezpenean. Horretarako, Modeloko egungo eskaintzaz harago, estreinaldiak ere emango dituzte: «Donostiako Zinemaldiko film batzuez gain, bertako zein atzerriko filmak ere erakustea da gure xedea, Euskal Herriko gainontzeko herrietan ematen diren aldi berean ikus ditzagun». Oraingoz, urtarrilerako eta otsailerako hainbat hitzordu lotu dituzte. Hautatutako filmak hilabete bakoitzeko bigarren zein laugarren asteetako larunbat, igande, astelehen eta asteartetan emango dituzte, 19:00etan eta 22:00etan. Bost euro kostako da sarrera. Erretiratuek, langabetuek eta 23 urtez azpiko herritarrek, berriz, deskontua izango dute: lau euro ordaindu beharko dute sarrera. Asteartea izango da ikuslearen eguna, eta orduan ere lau euro kostako da sarrera. Sei film ikusteko txartela ere jarriko dute salgai, 24 euroan. Bestalde, Zurekin Zarauzko ostalarien elkartearekin elkarlanean, film txartela dutenek igandetan ogitartekoa eta ardo ondua edota garagardoa lau euroan eskuratu ahalko dute herriko tabernetan. «Kontuan izanik instituzio publikoen egungo aurrekontu eskasia, guztion konpromisoa eta laguntzaren beharra dugu keinu txikien bidez amets hau errealitata bihurtze aldera», nabarmendu zuen Leticia Eizagirre taldekideak. Hori dela eta, «bihotzez» eskertu dute enpresa eta establezimenduek babesle gisa emandako laguntza. Ekimenak jarraipena izan dezan, ordea, laguntza handiagoa behar dute. Ildo horretatik, dei egin diete enpresei ahal duten neurrian lagun dezaten. «50 eta 200 euro bitarteko diru laguntza eskatzen dugu», zehaztu dute. Diru kopuru hori 3035 0029 65 0290079382 kontu korrontean sartu beharko da. Laguntzen duten enpresen izena, berriz, proiektatuko duten film bakoitzaren kartelean gehituko dute. Horrekin batera, enpresa zein establezimenduetan jartzeko laguntzaile agiria eskuratuko dute. Era berean, egutegi txikiak atera dituzte, herritarrak Modeloren lagunak direla aitortzeko. Hamar euro kostako du egutegi bakoitzak. Informazio zabalagoa eskuratzeko Ispilu Arte galeriara deitu beharko da, 943-83 12 78 telefono zenbakira. Bestelako programazioa Era berean, Kultura Zarautzek eta I Love Rock taldeak bestelako ikus-entzunezko emanaldiak eskaintzen jarraituko dute Modelon. Kultura Sailak, esaterako, film zerrenda luzea prestatu du datozen egunetarako: Ricardo Ramon eta Joan Espinachek zuzendutako Aita zonbia naiz animaziozko film luzea izango da ikusgai hilaren 13an,datorren igandean, eta Fermin Muguruza eta Eider Rodriguezen Zuloak urtarrilaren 20an. Bere aldetik, I Love Rock elkarteak antolatutako Zine Modelon ekimenaren baitan, 70. hamarkadako hainbat lan erakutsiko dute  azaroa bitartean, hilabeteko film bat, hain zuzen. Ekimen horren helburua azken hamarkadetako film handiak pantaila handian eta jatorrizko bertsioan eskaintzea da. Hala, 35 milimetroko formatuan izango dira ikusgai, gehienak azpitituluekin. Filmak aukeratzerakoan lanei baino zuzendariei erreparatu diote elkartekideek: «Estetika eta teknika oso bereziak erabiltzen zituzten zuzendariak hautatu ditugu». Behin zuzendariak zehaztuta, haien lan bana ematea adostu dute. Ildo horretatik, urtarrilaren 18an Sam Peckinpah zuzendariaren Pat Garrett & Billy the Kid filma ikusi ahalko da Modelo aretoan. 22:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrera bost euro kostako da. Egitaraua
  • Urtarrilak 12, 13, 14 eta 15. Sam Mendesek zuzendutako Skyfall, 19:00etan eta 22:00etan.
  • Urtarrilak 26, 27, 28 eta 29. Cesc Gay zuzendariaren Una pistola en cada mano, 19:00etan eta 22:00etan.
  • Otsailak 9, 10, 11 eta 12an. Ang Lee zuzendariaren Life of Pi, 19:00etan eta 22:00etan.
  • Otsailak 23, 24, 25 eta 26. Constantin Costa-Gavras zuzendariaren Le Capital, 19:00etan eta 22:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide