Zurekin-en hirugarren ikurrina

Aritz Mutiozabal 2013ko urtarrilaren 2a

Zarauzko Ikurrina jokatuko den tabernetako jabeak, egitasmoaren kartelarekin. (Argazkia: Zurekin Zarauzko ostalarien elkartea) Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteak antolatuta, datorren astetik hasi eta martxoa bitartean Zarauzko III. Ikurrina mus txapelketa jokatuko da. Bihar zortzi, urtarrilaren 10an, emango diote hasiera lehiari, eta, urtero bezala, herriko tabernak izango dira mus zaleen bilgune. Aurten, honako hamar taberna hauetan egingo dituzte norgehiagokak: Argi, Euskalduna, Itxas-Lur, Itzala, Tivoli, Joe, Zarautz Playa, Txiki Polit, Iruña eta Itxaski. Karta jokoan parte hartu nahi dutenek aipatutako taberna horietan eman dezakete. Horretarako azken eguna urtarrilaren 6a izango da; hau da, datorren igandea. Bikote bakoitzak 50 euro ordaindu beharko du inskripzioarekin. Txapelketako antolatzaileekin harrementan jarri nahi du­tenek 688-614 473 telefono zenbakira dei dezakete. Saio guztiak 20:45ean izango dira, ostegunero, eta saio bakoitzean  bi partida jokatuko ditu bikote bakoitzak, bost jokotara edo usteletara; lau erregetara eta lau batekotara jokatuko dira, gainera. Bi partidak taberna berean jokatuko dituzte, baina bikote ezberdinen aurka. Lehia formatuari dagokionez, zortzi joko galtzen dituzten bikoteak txapelketatik kanpo geratuko dira. Kanporaketa-sistema horren arabera zehaztuko dira bikote finalistak. Sariak eta finalak Urtero legez, antolatzaileek sari ugari banatuko dituzte; izan ere, sailkapeneko lehenengo 30 bikoterentzat sariak egongo dira. Saririk inportanteenak, ordea, lehen bost sailkatuentzat izango dira: bikote irabazleak 6.000 euro, oroigarriak, txapela, ikurrina eta upategietara bidaia eskuratuko ditu; txapeldunordeak, 2.000 euro eta oroigarriak; hirugarren sailkatuak, 1000 euro eta oroigarriak; laugarrenak, 500 eta eta oroigarriak; eta bosgarrenak, 250 euro. Final nagusia martxoaren 15­ean jokatuko dute Otzarreta jatetxean. Horren harira, sagardotegi menua antolatu dute Zarauzko ostalariek; otordurako txartelak egitasmoa jokatuko den tabernetan eros daitezke, 30 euroren truke. Halaber, txapelketako sari guztiak finala jokatu ondoren banatuko dituzte. Urtezaharreko zozketa Zurekin ostalari elkarteak, bestalde, Urtezaharreko zozketa egin du asteburuan. Lehenengo sari sorta (laranja kolorekoa) 14.711 zenbakiari egokitu zaio. Bigarren sorta (berdea) 08.992 zenbakiari, eta hirugarrena (urdina), azkenik, 37.751 zenbakiari. Sariak Itxas-Lur tabernan jaso daitezke, 15 eguneko epean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide