Jende asko ibili zen kalez kale Gabonak ospatzen

Karkara.eus 2012ko abenduaren 26a

Hilaren 24an, goizean, kantari ibili ziren txikienak eta, arratsaldean, jendez lepo zela hartu zuen Olentzero Orioko plazak

DBHko ikasleak izan ziren goiztiarrenak. Goizeko 10etan atera ziren kalez kale kantari, eta, ordubete beranduago, 11:00etan, L...

Hilaren 24an, goizean, kantari ibili ziren txikienak eta, arratsaldean, jendez lepo zela hartu zuen Olentzero Orioko plazak

DBHko ikasleak izan ziren goiztiarrenak. Goizeko 10etan atera ziren kalez kale kantari, eta, ordubete beranduago, 11:00etan, LHko eta HHko haurrak hartu zuten haien testigua.

Hilaren 24ko ohitura izaten da herriko kaleak kantuz janztea, eta, azken urteetan, elkartasun tonbola antolatzen dute Orioko Ikastolako DBH4ko ikasleek. Jende asko gerturatu zen diru pixka bat jokatzera.

Bazkalondora arte luzatu zen tonbola, eta oraindik sariak ematen ari zirela agertu ziren plazara galtzagorriak. Horiek umeek Olentzerori idatzitako eskutitzak jaso zituzten bitartean, Basajaun eta artzainak trikitilariekin batera Etxeluze ingurutik plazarako bidea egin zuten. Aldi berean lamiek, sorginek eta Marik, ttuntturroek gidatuta, Kosta Tailerretik gauza berdina egin zuten.

Guztiak plazan zirela, txalapartarien eta adar-jotzaileen deiarekin batera galtzagorriak agertu ziren Goiko Kaletik behera, Olentzero eta Mari Domingiri bidea irekiz.

Kantu jirakoek, Egunsenti abesbatzaren laguntzarekin, kantuz hartu zituzten plazan guztiak. Behin eskutitzak jaso zituztenean, herritik buelta bat eman zuten Olentzerok eta Mari Domingik berriz mendira itzuli aurretik.

Egun horretan gertatu zena argazki bilduma honetan jaso dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide