Gaur zabaldu dute Nahia Zarauzko artisau eta artisten elkarteak gabonetako azoka. Aurten abenduaren 24ra arte izango da zabalik eta urtarrilaren 3an irekiko dute berriz ere, hilaren 5era arte. Guztira, 14 postu jarri dituzte eta askotariko produktuak aurki daitezke Merkatu Plazako bigarren solairuan: bitxiak, apaingarriak, arropa, material zaharberritua, besteak beste.
Postuez gain, hainbat ekitaldi ere bilduko ditu azokak. Gaur arratsaldean, esaterako, ardo beroa edota salda eskainiko diete bertaratzen direnei, euro baten truke. Era berean, Artezaleak taldeak antolatutako jaiotzen lehiaketako sari banaketa izango da. Hilaren 23an zein urtarrilaren 2an, bestalde, trikitilariek girotuko dute Merkatu Plaza. Horrez gain, postuetan salgai dagoen pieza baten zozketa egingo dute. Euro baten truke zenbaki bat erosi ahalko da, eta zozketa irabazten duenak, azokan aurki daitekeen 30-50 euroko balioa duen edozer aukera dezake irabazleak, sari gisa.
Merkatua hilaren 15ean Nahiak berak antolatutako tailerrean sortutako apaingarriekin apainduta dago. Apaingarriok material erabiliarekin daude osatuta.
