Hondakinak sailkatzen ez dituzten getariarrek %5eko igoera izango dute tasan

Getariako Hitza 2012ko abenduaren 21a

Getariako Udalak eman die behin betiko oniritzia 2013ko ordenantza fiskalei, Bilduren eta Getariako Independenteen aldeko sei botorekin, eta EAJren abstentzioarekin (lau boto). “Juxtuak eta nahikoak” direla dio udalak, eta gustura agertu dira ordezkariak.

Oro har, zergak eta tasak KPI adina …

Getariako Udalak eman die behin betiko oniritzia 2013ko ordenantza fiskalei, Bilduren eta Getariako Independenteen aldeko sei botorekin, eta EAJren abstentzioarekin (lau boto). “Juxtuak eta nahikoak” direla dio udalak, eta gustura agertu dira ordezkariak.

Oro har, zergak eta tasak KPI adina igoko dira datorren urtean, baina Hego Euskal Herriko KPIaren bataz bestekoa; %3,2, zehazki (Gipuzkoakoa %3,1ekoa izan da 2011ko urritik 2012ko urrira; Bizkaikoa %3,3; Arabakoa %2,8; eta Nafarroakoa %3,5). “Nazio ikuspegia” oinarri hartuta erabaki dute hori.

Ohiko etxebizitzak ez direnen jabeek %25eko errekargua ordaindu beharko du Ondasun Higiezinen gaineko Zergan. Eraikinek etxebizitza erabilera dutenean, baina erabiltzen ez direnean (errenta edo lagapena medio) ordaindu beharko da gehigarria. Salbuespenak egongo dira; besteren artean, urtarrilaren 1ean hutsak dauden etxeak baina urtean zehar gutxienez zortzi hilabetez alokairuan emango direnak salbuetsita geratuko dira.

Jarduera Ekonomikoaren Zergari dagokionean, milioi bat eurotik gorako fakturazioa duten enpresek ordaindu beharko dute datorren urtetik aurrera. Orain arte bi milioi eurotik gorakoa zutenek ordaintzen zuten. “Araua Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu du, eta udal guztiek bete beharko dute. Getariako Udalaren kasuan, guztiz bat gatoz neurriarekin, herrirako sarrera gehiago lortzeko aukera ematen baitigu”, azaldu du Getariako Udalak.

Tasak ere, oro har, %3,2 igoko dituzte. Baina salbuespenak ere egongo dira. Hondakinagatiko tasa %3,2 izango da sailkatzen dituztenentzat (bosgarren edukiontzi bidez, edo autokonposta nahiz auzokonposta eginez), baina sailkatzen ez dutenek %5eko igoera izango dute. “Sakon aztertuko da tasa hau urtean zehar, portu eremuari, jatetxeei eta soziedadeei arreta jarriz, eta gehien kutsatzen dutenek gehiago ordaindu beharko dute”, azaldu du udalak.

Tasa berriak ere sortu ditu udalak. Grabazio tasa da bat. Telebistak eta produktorak Getariara grabatzera joaten direnean, eguneko 292 euro ordaindu beharko dute. Eta bestea udal jabetzako aulkiak uztegatiko tasa da. 100 aulki arte 40 euro ordaindu beharko da, eta hortik gora, aulki bakoitzeko 0,30 euro. Mahai bakoitzagatik, berriz, bi euro. Udalaren jabetzako materiala udal biltegian jaso eta itzuli beharko da, lantaldearen ordutegian.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide