Abenduaren 19an ELAko ordezkari sindikalek Zestoan egindako elkarretaratzearen harira, hainbat hausnarketa. Batetik, harrigarria da Udalak Serbitzu enpresarekin zuen kontratua amaitu, eta kale garbitzaileen lan poltsarako oposaketa publikoa burutu eta gerora, nola datozkigun herrira ELAko “parakaidistak”.
Nonbait, bulegoren batean sindikalista profesionalen bati bonbilla piztu, eta elkarretaratzea deitzea bururatu zitzaion, enpresa jelkide pribatu bateko langileak, besterik gabe, zuzenean udaleko langile bihurtzeko eskatuz. Horrela, Zestoako langabetuek edo herritar orok erakunde publiko batean oposaketa bidez lan egiteko dugun eskubidea goitik behera urratuz.
Hau larria izanik, larriagoa kasu honetan ELAk Serbitzu enpresaren aurrean agertu duen morrontza lotsagarria. Enpresak langile horiekin duen erantzukizun zuzenaren aurrean, bestaldera begiratu, eta inolako arrazoirik gabe udala egiten du erantzule. Larriagoa Serbitzu enpresa, bere garaian, EAJk zein helbururekin sortu zuen aintzat hartuta; erakunde publikoetan zituen gehiengoez baliaturik, lan publikoetako kontratuak enpresa honen esku utzi, eta alderdiarentzat mauka paregabea eskuratu. Lan publikoa pribatizatu, eta diru publikoaren bidezko irabaziak alderdiarentzako, joko zikina Serbitzuren mozorropean eginda.
Zertara dator orain ELA, Zestoako Udalak Kimu Bat enpresari kontratua berritu ez zionean, txintik esan gabe gelditu eta gero? Susmagarria benetan. Badirudi, ELAren arabera, Serbitzu bezalako enpresa pribatu bateko langile izateak erakunde publiko bateko langile izateko karneta ziurtatu beharko lukeela. Langile eta herritarren interesen alde dagoela dioen sindikatu batek inoiz ez lituzke interes sindikalak interes publikoaren gainetik jarriko. Bestela, esan dezala argi ELAk lan publikoen pribatizatzearen alde dagoela, sektore publikoaren kaltetan, interes pribatua lehenetsiaz.
Bide batez, gustatuko litzaiguke gure herrian ELAk gai hauetan jartzen duen grinaren erdia jartzea euskal gehiengo sindikalak deitu izan dituen azken greba orokorretan. Greba prestatzeko burutu ziren bileretara ELAtik inor ez! Greba egunean lehen orduko pikete informatiboetan ELAtik inor ez! Hori bai, argazkirako beti prest.
Xabier Larrañaga Arrieta. Zestoako Udaleko LABeko sail sindikala.