Gurutze Gorriak Orain inoiz baino gehiago kanpaina jarri du abian, «barrura begira». Azken urteetan kanpoko herrialdeetara bideratu badute, aurten bertakoei laguntzeko deialdia egin dute. Zarauzko Gurutze Gorriko lehendakari Felix Zubiaren esanetan, «luzez doan egoera ekonomiko txar honen ondorioz, bailaran 400 dira langabeziak jotako familiak, diru sarrera oso gutxirekin bizirautera behartuak».
Kanpainarekin dirua bildu nahi dute, preman dauden familia horiei garbiketako produktuak (etxerako, familiarako, gizonezkoentzat, emakumezkoentzat eta haur txikientzat garbiketa sortak) banatzeko. Aipatutako garbiketa sortak hamabostean behin banatu nahiko lituzkete, sei hilabetez. Dirua biltzeko ontzitxoak jarriko dituzte Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako hainbat tokitan. Horrez gain, Gurutze Gorriaren kontu zenbakian ere (2101.0092.16.0002558187) egin daitezke diru-sartzea. Informazio gehiago jasotzeko zarautz@cruzroja.es helbidera idatzi daiteke, edo 610-10 28 72 telefonora deitu.
