San Tomas eguna Getarian eta Zumaian

Getariako Hitza 2012ko abenduaren 20a

Txistorra eta taloaren festa handia Azpeitian egingo badute ere, Urola Kostako gainontzeko txokotan ere izango da zer ospatua bihar, San Tomas egunean. Izan ere, Zumaiako Alai auzoan zein Getarian ekitaldi bereziak antolatu dituzte egun horretarako. Azken horretan, elkartasuna eta festa …

Jan-edanaz gozatzeko aukera izango da bihar Zumaian eta Getarian, eta bide batez elkartasun keinuak egitekoa ere bai

Txistorra eta taloaren festa handia Azpeitian egingo badute ere, Urola Kostako gainontzeko txokotan ere izango da zer ospatua bihar, San Tomas egunean. Izan ere, Zumaiako Alai auzoan zein Getarian ekitaldi bereziak antolatu dituzte egun horretarako. Azken horretan, elkartasuna eta festa uztartuko dituzte, gainera. Gaglo gaztelekuko hezitzaileek jakinarazi dutenez, «egun berezi hau aprobetxatuz», Elkartasun Eguna ere ospatuko dute. Interesa dutenek «opari solidarioak» egin ditzakete. Horien truke txistorra pintxoa jasoko dute herritarrek, doan.
Apurtutako jostailurik ez dutela onartuko ohartarazi dute gaztelekutik. 18:00etatik aurrera eman ahalko dira etxean erabiltzen ez diren opariak.

Alai auzoan, giro alaian
Alai kultur elkarteak, «festa giroa» nagusitzeko asmoarekin, hainbat ekimen antolatu ditu auzoan Santo Tomas egunerako. Goizetik gauera arte hainbat ekimen izango da, adin guztietako herritarren gozagarri. 11:00etan zabalduko dute auzoko txosna, eta bertan salgai izango dira txistorra eta edaria. Salmentetatik ateratako dirua Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkarteari emango diete.

Musika ez da faltako, ezta ikuskizunak ere. Arratsaldean, esaterako, Potxin eta Patxin pailazoen saioa izango da, eta jarraian, Ianire Bracamontek dantza erakustaldia eskainiko du, bere ikasleekin batera. Eguna borobiltzeko Bertso poteo alaia egingo dute eta festak 23:00ak arte iraungo du, gutxienez. Antolatzaileek herritarrak ekimenetan parte hartzera animatu dituzte eta «ahal duten guztiei baserritar jantziarekin» bertaratzeko eskatu.

 

Egitaraua

Getaria

  • 18:00. Elkartasun Eguna ospatuko dute getariarrek, San Tomas Eguna aprobetxatuz.   Nahi duenak   bere opari solidarioaren truke txistorra pintxo bat jasoko du, herriko plazan. Ez dute apurtutako jostailurik onartuko.

Zumaia

  • 11:00. Alai auzoko txosna zabalduko dute. Txistorra eta edatekoa izango da salgai bertan. Salmentetatik ateratako dirua Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkarteari emango diote.
  • 12:00. Triki poteoa, Alai auzoan.
  • 17:00. Potxin eta Patxin pailazoek ikuskizuna eskainiko dute, Alai auzoan.
  • 18:30. Ianire Bracamonte dantzariak bere ikasleekin dantzaldia eskainiko du, Alai auzoan.
  • 19:30. Alai auzoko tabernetan triki bertso poteo alaia egingo dute. Musikak 23:00ak arte iraungo du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide