Zarauzko Udalak 2012an hiri hondakin solidoen tasa murriztu egin dela ikusita, bilketa gastuak gutxitu asmoz eta herritarren artean hondakinak gaika biltzeko ohitura sustatzeko, azaroaren 14ean, 21ean eta 28ean ez zuen hiri hondakin solidorik bildu proba modura. Hasiera batean egun horietan lortutako emaitza ona bazen, aldaketa betiko onartzeko asmoa zuen Udalak. Dena dela, saiakerak ez du espero zuten emaitzarik eman. Herrilan zinegotzi Mikel Goenagaren esanetan, “Jendeak erantzun du eskatutakoari; edukiontziak gehiegi bete ez zitezen asteartetan zaborra ez ateratzeko gomendioa bete dute, baina bilketa egin ez den egunetan, iluntze-gau partean edukiontziak oso beterik eta zenbait lekutan gainezka izan dira, herrigunean batez ere”. Horrela, asteazkenetan jaso ez dutena, ostegunetan jaso behar izan dute langileek.
Emaitza ikusita Zarauzko Udalaren iritziz herritarrak “oraindik ez daude zaborraren gaiaren inguruan kontzientziatuta” eta uste dute ez dela asteazkenetan errefusa ez jasotzeko neurria ezarzeko momentua. Hala ere, Goenagaren esanetan, “saiakerak aurrerantzean jarraitu behar dugun lan oinarria zehazteko balio izan digu”.
“Lan asko dago egiteko”
Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendiren iritziz, argi geratu da “lan asko dagoela egiteko” zaboraren gaiaren inguruan. “2012an herritarrek esfortzu handia egin dute eta hondakin organikoaren bilketa igo egin da. 2013an aurrerago joan behar dugu eta zarauztarrek zaborraren gaiak duen garrantziaz kontzientziatu behar dute”. Ildo horretan, Zarauzko alkateak adierazi du, hondakinen %70a gaika biltzea helburu hartuta “Udalak, eragileek eta herritarrek elkarlanean, herriarentzat eta zarauztarrentzat bilketa sistema egokia zein den erabakitzeko urtea izango dela 2013a”.
