Inbertsioak. Iaztik hona %30eko jaitsiera izan du EAJ alderdiak proposatu izan duen eraiki, eraiki eta eraikitzearen dinamikak. Orioko Bildun garbi dugu inbertsioak onura direla baina tentuz eta zentzuz egiten direnean. Zergatik? Urtero-urtero zerbitzua modu duinean mantentzea inbertsioa egitea bera baino zailago delako. Are gehiago Orio bezalako herri txiki batean urteroko gastu arrunta ordaintzeko diru-sarrerak ugariak ez direnean. Horregatik, inbertsioen atalean gastu arrunta handituko ez duten inbertsioak egingo ditugu. Eta EAJ alderdiak martxan zituenak birformulatu. Zerbitzuetan onura dakartenak, baina gastu gutxiko. Herritarren beharrak aipatzen hasita Zaraguetako DBHko eraikinaren mantenua Hezkuntza Sailak ordainduko du urtero eta hitzarmen batean jaso genuen Hezkuntza Sailaren konpromisoa. Herriaren gastuak gutxitzeko argiteriaren auditoria eta murrizketarako inbertsioen lehen fasea egin da dagoeneko. Orioko Udalaren diru sarrera handitzeko, berriz, bungalowak eraikitzen ari gara kanpinean. Alegia, inbertsioak bai, baina neurrikoak, eta urtero etekina edo gastu gutxi ekarriko dutenak.
Inbertsioak egiteko diru sarrerak aipatzen dituzue. Hauteskunde aurretik predikatu zenuten moduan inbertsioetarako sarrerak ondo lotuta utzi izan bazenituzte ez genuke 1,5 milioi oriotarren patrikatik jarri beharko arraun eta teknifikazio zentroa egiteko. Diru laguntzak aipatzen dituzue. Diru laguntza asko lortu dituzue bai, baina nola erabili duzue herritarron dirua? Lau lortu eta ia sei milioi balio duen palazioa egin. Halere, zuloa. Ederra da gero, 1,5 milioi.
Halere aipagarriena hauxe egin zaigu: azken urteotan Orioko Udalak herri-lurrak saldu ditu inbertsioak egin ahal izateko. EAJ alderdiak aurreztu duen dirua deitzen dio EAJ alderdiak berak. Zuen dirua al da?
Idazkariaren txostena aipatzen duzue. Aurreko legealdietan egin al dira txosten hauek? EAJ alderdiak ez al du erabakirik hartu idazkariaren iritziaren aurka? Bestalde, ederrak zineten zuek urte hasieran egindako aurrekontuak doitzen: 2008an 100 garaje saldu behar zenituzten eta 2010ean beste 30. 2011 urtea bitartean ordea 42 besterik ez zenituzten saldu. Hori ez al da aurrekontuak puztea?
Azken urteetan Orion egin dira hamaika eraikin urteko balantzean zenbaki gorriak gehitu dituztenak. Aurreko legegintzaldian milioi bat eurotan puztu zuen EAJ alderdiak Orioko Udaleko gastu arrunta. Interpretazio zentroa, hamaika parke eta lur azpiko edukiontzi, hau eta hura. Herentzian handikerien erregina den Teknifikazio Zentroa mantendu egin behar dira urtero-urtero. Orioko Bildun legealdiko erronka izango da gastu arrunta murriztea eta inbertsioak bi aldiz pentsatzea.