Zarauzko Udalak akordioa sinatu du Barton Films ekoizpen etxearekin, Euskal Herriko zinema garaikidea Modelo aretoan eskaintzeko. Modu horretan, eskaintza komertzialaren gainetik, bertan ekoitzitako euskarazko zinema lehenetsiko du. Euskal Herriko zinema aretotan bertako ekoizpena ikustea eta egileak ezagutzea ez da lan erraza izaten. Zentzu horretan, Zarautzek bide hori ireki nahi duela aditzera eman du Udaleko kultura eta euskara zinegotzi Gari Berasaluzek: «Bertako zinema ezagutzera ematea da gure lehentasuna, orain arte egiten saiatu garen bezala. Ildo horretan Barton Films ekoizpen etxeak eskaintzen duen euskal zinema garaikidearen eskaintza aukera paregabea iruditu zaigu».
Hurbiltasuna bertute bezala ikusten du Berasaluzek. Hori horrela, filmeetako egileak Modelora ekarriko dituztela azaldu du, aurrez aurreko aurkepena egin dezaten. «Bertako zinemak aukera hori ematen digu. Egileekin harreman zuzena izatearen aukera, alegia». Hamabost eguneko maiztasunez, haurrentzako animaziozko film bat eta euskal zinema garaikideko luzemetraia bat proiektatuko dute asteburu honetatik hasita.
Pantailaratuko duten lehen ikus-entzunezkoa Olentzero eta Iratxoen Jauntxoa izango da, eta datorren igandean izango da ikusgai, Gabon bezperan, 17:00etan hasita. Urtarrilatetik aurrera, bien bitartean, honako izenburu hauek eskainiko dituzte: Aita zonbia naiz, Zuloak, Desioen arraina , Bypass, Txakurkumeak, eta Marko Poloren kodea, Gartxot, Malutatx, Xora, The Wish Fish eta Dragoi ehiztaria.
Eskaintza bermatua
Barton Films ekoizpen etxearekin lortutako akordioarekin, Argia.com-eko dokumental emanaldiekin, I Love Rock elkarteak abiarazitako Zine Modelon zikloarekin, eta hemendik lasterrera martxan jarriko duten zinema komertzialeko egitarauarekin, aurrerantzean Zarauzko zinema eskaintza «erabat bermatua» egongo dela nabarmendu du kultura zinegotziak. Hain zuzen ere, «beste herritan ematen ez den eskaintza izango dugu Zarautzen. Kalitatezko eta euskarazko zinema ardatz dituen eskaintza».
Egitaraua
Urtarrilak 13, igandea
- Aita zonbia naiz. Animaziozkoa.
Urtarrilak 20, igandea
- Zuloak. Fermin Muguruzaren musika-dokumentala.
Otsailak 3, igandea
- Desioen arraina. Animazioa.
Otsailak 17, igandea
- Bypass. Aitor Mazoren eta Patxo Telleriaren komedia.
Martxoak 3, igandea
- Txakurkumeak eta Marko Poloren kodea. Animaziozkoa.
Martxoak 17, igandea
- Gartxot. Juanjo Elordiren eta Asisko Urmenetaren animazioa.
Apirilak 7, igandea
- Malutatxo. Animaziozko filma.
Apirilak 21, igandea
- Xora. Xibererazko lehen luzemetraia, Peio Cachenautek zuzendua.
Maiatzak 5, igandea
- The Wish Fish. Animaziozkoa.
Maiatzak 19, igandea
- Dragoi ehiztaria. Patxi Barcok zuzendutako drama.
